Osakidetzak 5.425 lanpostuko lan-eskaintza publikoa deituko du 2026an
Berrikuntza gisa, desgaitasun intelektuala duten pertsonentzako 25 lanpostu eskainiko dira, zeladore eta zerbitzu langile kategorietarako. Horrez gain, betetzen zailak diren postuak eskuratzeko bigarren Lan Eskaintza Publikoa (LEP) deituko du Osakidetzak datorren urtean, oraindik hutsik dauden postu guztiak betetzeko asmoz.
Osakidetzako lan-eskaintza publikoko azterketa, BECen. Artxiboko argazkia: EITB
Osakidetzak 5.425 lanpostuko Lan Eskaintza Publikoa deituko du datorren urtean, Alberto Martinez Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburuak astearte honetan iragarri duenez. 5.400 lanpostu horietatik % 40 mediku (800) eta erizainentzat (1.500) izango dira.
Pertsonala indartzeko bidean Osakidetzak "jauzi kualitatiboa" emango du 2026an, Martinezen arabera, eta testuinguru horretan kokatu ditu 2023, 2024 eta 2025 urteei dagozkien deialdiak.
Gauzak horrela, Osakidetzako egiturazko plantilla handitu egingo da, 32.442tik 34.602ra.
Gainera, berrikuntza gisa, desgaitasun intelektuala duten pertsonentzako 25 lanpostu eskainiko dira, zeladore eta zerbitzu-langile kategorietarako.
Egokitutako probak izango dira, hizkuntza-eskakizunik gabekoak.
Bestalde, betetzen zailak diren postuak eskuratzeko bigarren Lan Eskaintza Publikoa (LEP) deituko du Osakidetzak datorren urtean, oraindik hutsik dauden postu guztiak betetzeko asmoz. Datak eta plaza kopurua zehaztu ez den arren, oraingoan betekizun izango da lanpostu horretan gutxienez bi urtez aritu behar izatea.