Etxebizitzaren auzia
Donostia da hiribururik garestiena: 6.107 euro metro karratuko
Donostia da, alde handiarekin, hiribururik garestiena, Madril, Bartzelona, Palma eta Bilboren aurretik, baina Gasteiz eta Iruñea ere Estatuko 10 hiri garestienen artean daude.
Donostiako higiezinen agentzia batean erakusleihoa. Argazkia: EFE
Donostia da oraindik Estatuko hiriburu garestiena etxebizitza erosteko, Madril, Bartzelona, Palma eta Bilboren aurretik, bai Erregistratzaileen Elkargoak argitaratu berri duen Higiezinen Erregistro Estatistikak bai Idealista atariak zabaldu dituen datuen arabera.
Nobedade nagusia, hala ere, ez da Donostia ranking horren buru izatea; hori ohikoa da aspalditik, beren herritar gehienen zoritxarrerako. Oraingoan, baina, metro karratuak argi gainditu du 6.000 euroko langa.
Erregistratzaileen Elkargoak egiten duen Higiezinen Erregistro Estatistikaren arabera, batez beste metro koadroa 6.107 euroan saltzen da gaur egun; Idealista atariaren datuek gorago kokatzen dute batez besteko prezioa: 6.480 euroan.
Erregistratzaileen Elkargoaren azterketa 2025ean erregistratutako salerosketen datu ofizialetan oinarritzen da, eta azken datuok urteko azken hiruhilekoaren araberakoak dira.
Donostia, Madril baino 800 euro gehiago
Donostiaren atzetik, Madril dago, metro karratuko batez beste 5.238 euroko prezioarekin. Bartzelona du atzetik, metro karratuko 4.800 euroko prezioarekin, eta Palma da hurrengo, 4.086 euroko prezioarekin. Lehen sailkatuen artean 5. postuan Bilbo dago, metro karratuko 3.514 euroko batez besteko prezioarekin.
Hegoaldeko gainerako hiriburuak (Gasteiz eta Iruñea) ere, Estatuko 10 hiri garestienen artean ageri dira. Nafarroako hiriburua 7. hiriburu garestiena da, metro karratuko batez beste 2.901 euroko prezioarekin. Gasteiz, berriz, 9. tokian dago, metro karratuko batez beste 2.753 euroko prezioarekin.
Gipuzkoa, hirugarren; Bizkaia, laugarren
Probintzien batez besteko prezioari erreparatuta, Gipuzkoa 3. postuan dago (3.814 euro metro karratuko), Madril (4.091 euro) eta Balear Uharteak (3.988 euro) aurretik dituela. Bizkaia (3.167 euro), aldiz, 4. garestiena da, Malagaren aurretik.
Erkidegoei dagokienez, Euskadi 3. garestiena da (3.295 euro metro koadroko, batez beste), Madrilgo Erkidegoaren (4.091 euro) eta Balear Uharteen (3.988) atzetik.
Zure interesekoa izan daiteke
Glovo salatu dute urriaren 3ko denboralean enpresako banatzaileak kalean lanean eduki zituelako
Tubos Reunidos erosteko interesa duten bost inbertitzaileak sindikatuekin bilduko dira datorren astean
ELAk eta LABek "lidergo handiagoa" eskatu diote Jaurlaritzari, LGS propioa negoziatzeko patronala deitu dezan
SpaceX eta Tesla bat egitea aztertzen ari dira erraldoi teknologiko bat sortzeko, Elon Musken babesarekin
Ardogintza sektoreko sindikatuek mobilizazioak egingo dituzte Arabako Errioxan, hitzarmen baten bila
Albiste izango dira: lehendakariaren bilera ELArekin eta LABekin, fronte hotza eta protestak Frantzian
Lehendakaria ELArekin eta LABekin bilduko da gaur gutxieneko soldata propioaz hitz egiteko
Eusko Jaurlaritzak Benta Berriko 510 etxebizitza erosi dizkio Blackstone funtsaren filial bati, horien babes publikoari eusteko
Gizon bat hil da lan istripuz Bilboko portuan