Donostiako Udalak ez du lizentzia gehiago emango tentsionatutako auzoetan hotelak eta pisu turistikoak ezartzeko
Donostiako Udalbatzak aho batez onartu du hotel eta ekipamendu turistikoei mugak ezartzen dizkien plan orokorraren aldaketa. EH Bilduk uste du berandu datorrela aldaketa.
Jon Insausti Donostiako alkatea, ostegun honetako Udalaren ohiko Osoko Bilkuran. Argazkia: EFE
Donostiako Udalbatzak aho batez onartu du ostegun honetan hotel eta ekipamendu turistikoei mugak ezartzen dizkien plan orokorraren aldaketa. Gauzak horrela, aurrerantzean ez dira Donostian pisu turistikoen lizentzia gehiago emango.
Hotelen kasuan, berriz, hiria bitan banatu da; Gros, Antigua, Ondarreta eta Ibaetan, hau da, erdigunean, debekatuko da horrelakorik ezartzea, eta auzo horietan ezin izango da hotel gehiago eraiki, oro har.
Aldiz, baldintzak gogortu diren arren, hiriko gainontzeko eremuetan eman ahalko dituzte lizentziak, etxebitzetarako zehaztutako guneetan salbu.
Aho batez onartu dute araudia, baina, EH Bilduren ustez, berandu dator. Nekane Arzallus (EAJ) hirigintza zinegotziaren ustez, ordea, "hau da unea" eta koherentzia eskatu dio EH Bilduri, Errenterian ireki berri duten hotel bat aipatuz.
Azpimarratu duenez, aldaketak "garrantzi handia" du, eta "jasangarritasun ereduarekin bat dator".
Hernani, Tolosa eta Lezo tentsionatutako eremu izendatu dituzte
Eusko Jaurlaritzak handitu egin du etxebizitza-merkatu tentsionatuaren eremuen mapa, eta Hernani, Tolosa eta Lezo sartu ditu. Horrela, Donostiarekin eta inguruko beste udalerri batzuekin batera daude zerrendan. Guztira, 14 udalerritan ezarri da neurria; biztanleen erdiak baino gehiago erregimen horren pean daude. Helburua da alokairuaren prezioa ez igotzea eta maizterrak gehiago babestea.