Epaileak Tubos Reunidosen konkurtso-administratzailea, enpresa eta sindikatuak deitu ditu hilaren 26rako
Tubos Reunidos taldeko zazpi sozietate borondatezko hartzekodunen konkurtsoan deklaratu ditu Gasteizko epaitegi batek, eta PKF Attest Concursal SL Profesional izendatu du konkurtso-administratzaile.
Tubos Reunidosen kontzentrazio baten irudia. Argazkia: EFE
Gasteizko epaitegi batek deialdia egin die Tubos Reunidosen konkurtso-administratzaileari (PKF Attest Concursal SL Profesional), enpresari eta langileen legezko ordezkariei, hilaren 26an auzitegian ager daitezen, neurri kolektiboak izapidetzen jarraitzea bidezkoa den azaltzeko eta, hala badagokio, justifikatzeko, Konkurtso Legearen testu bateginean aurreikusitakoaren arabera, ESKk jakinarazi duenez.
Gasteizko epaitegi horrek Tubos Reunidos taldeko zazpi sozietate borondatezko hartzekodunen konkurtsoan sartu ditu, eta PKF Attest Concursal SL izendatu du konkurtso-administratzaile.
Deklarazio hori Gasteizko Instantzia Auzitegiko Sekzio Zibileko 7 zenbakiko bi autotan gauzatu da; merkataritzako eskumenak horiek dituzte. Horietako batean, Tubos Reunidos Group SLUk (Amurrion eta Trapagaranen lantegiak ditu) eta Tubos Reunidos Premium Threads SLk (Iruña Okan beharleku bat du) hartzekodunen konkurtso barruan sartu ditu.
Beste autoan, epaitegiko titularrak hartzekodunen konkurtsoan batera sartu ditu Tubos Reunidos Services SLU, Aplicaciones Tubulares SLU, Tubos Reunidos GMBH (Alemania), Tubos Reunidos America INC (AEB) eta RDT INC (AEB).
Burtsan kotizatzen duten sozietateen kasuan, epaitegiak, konkurtsoa deklaratu aurretik, Espainiako Balore Merkatuaren Batzordeari (CNMV) eskatu behar dio konkurtso-administratzaileen triptikoa aurkez diezaiola, merkataritza-epaileak bat izenda dezan. Aipatutako epaitegiko titularrak ofizio bat ere igorri dio CNMVri eskaera horrekin.