GIPUZKOA
Gorde
Kendu nire zerrendatik

Azkoitiko Sidenorreko langileek manifestazioa egin dute euren lanpostuak defendatu eta enpresaren "utzikeria" salatzeko

Enpresa batzordeak deituta, ehunka pertsona kalera atera dira Sidenorrek Azkoitiko ijezketa trena itxiko duela eta 36 behargin Reinosara (Kantabria) lekualdatuko dituela salatzeko. 

Manifestazioa 11:00etan abiatu da lantegiaren aurrean. Argazkia: EITB

Azkoitiko Sidenor enpresako langileek manifestazioa egin dute gaur, Jose Antonio Jainaga buru duen konpainiak hartutako erabakiaren aurka protesta egiteko. Aste honetan jakin denez, Sidenorrek itxi egingo du Azkoitiko ijezketa trena, eta 36 langile Reinosara (Kantabria) lekualdatuko ditu. 

LABek eta ELAk osatzen dute faktoriaren enpresa batzordea, eta eurek deituta egin dute protesta, 11:00etan hasita. Kazetariei euskaraz egindako adierazpenetan Kepa Urzelai LABeko ordezkariak salatu duenez, Sidenorrek "abandonatuta" izan du Azkoitiko lantegia, eta 10 urtean "200 lanpostu suntsitu ditu eta ez du inbertsiorik egin". 

Sindikatu horien arabera, 2024ko urtarriletik hitzarmenik gabe daude, eta aldi baterako enplegu-erregulazioko espedientea izan dute indarrean urtebete eta erdiz (iazko urrian bukatu zen). 

Horien hitzetan, denbora honetan alde sozialak negoziazio mahaia biltzeko eskatu dio enpresari, baina honek uko egin dio negoziatzeari. 

"Aste honetan hainbat protesta egin ditugu negoziazio mahaia irekitzea eskatzeko, baina jasandako kolpearen ondorioz, manifestazioaren leloa ere aldatu dugu eta lanpostuak Azkoitian mantentzea nahi dugula aldarrikatu dugu. Ez dugu lanpostu galerarik onartuko", argitu du Sidenorrek ostegunean eman zuen albisteari erreferentzia eginda. 

Urzelaik adierazi du aste honetan Azkoitiko Udaleko arduradunekin bildu direla, babesa lortu nahian, baina "hitz onez haratago, ez du emaitzarik eman". Horren harira, iragarri du datorren astean batzarrak eskatuko dizkietela Gipuzkoako Foru Aldundiari eta Eusko Jaurlaritzari.

Zure interesekoa izan daiteke

Gehiago ikusi
Publizitatea
X