LAN-GATAZKA
Gorde
Kendu nire zerrendatik

Amurrioko UGTko ordezkariek erregulazioko espedientearen aurka bozkatuko dute, eta ez du aurrera egingo

UGTk jakinarazi duenez, gaur afiliatuekin izandako bileran, enpresaren azken eskaintzari  ezetz esatea erabaki dute "aho batez",  "neurriz kanpokoa" dela iritzita. 

tubos reunidos protesta
Tubos Reunidoseko langileen protesta. Argazkia: Europa Press

Tubos Reunidos enpresak Trapagarango eta Amurrioko lantegietan ezarri nahi duen Enplegu Erregulaziorako Espedientea (EEE) negoziatzeko bilera erabakigarria bihar goizean izango da Bilbon, eta UGT sindikatuaren azken orduko mugimendu batek, aurreikuspenak hankaz gora jarri ditu. Akordiorako aukerak bazeudela uste bazen ere,  Amurrioko UGTko bi ordezkariek erregulazio espedienteari ezezkoa emango diotela iragarri dute, eta horrenbestez, ez du aurrera egingo zuzendaritzaren proposamenak. 

Negoziazio mahaian 13 langilek dute ordezkaritza — ELAko bost, UGTko hiru, CC. OO. eta LABeko bina eta ESK-ko bat —; horietatik, bost Trapagarango plantako kideak dira —ELAko bi eta UGT, CC. OO. eta LABeko bana—, eta beste zortziak, Amurriokoak —ELAko hiru, UGTko bi, eta ESK, LAB eta CC. OO-ko bana—. 

Zuzendaritzak mahai gainean jarritako proposamenak 301 langile kaleratzea aurreikusten du, 274 Amurrioko plantan, eta 27, Trapagarangoan. 

Zortzi aurka, eta bost alde

Orain arte bildutako datuen arabera, biharko bozketak utziko lukeen emaitza hau izango litzateke: zortzi boto espedientea ezartzearen aurka, eta bost alde. 

Trapagarango lantegiari dagokionez, UGT, ELA eta CC. OO. sindikatuetako kideek alde bozkatuko lukete (lau boto), eta LABekoa izango litzateke kontrako boza emango lukeen bakarra. 

Eta Amurrioko delegatuek, berriz,  ELA, ESK, LAB eta UGT zentraletakoek ez lukete babestuko akordioa (zazpi boto), eta aldeko boto bakarra CC.OO.-ena izango litzateke. 

"Neurriz kanpokoa"

Arratsaldean kaleratutako ohar batean, UGTk jakinarazi du afiliatuekin izandako batzarrean "aho batez" hartu dutela espedientea ez babesteko erabakia. Sindikatu horrek dio zuzendaritzak iragarritako 301 kaleratzeak ez datozela bat enpresaren egoera ekonomikoarekin. "Neurriz kanpoko erabakia" dela uste dute.

Halaber, ez dute ontzat ematen altzairutegia ixteko proposamena, enpresaren jarduera bermatzeko "ezinbestekoa delako”.

Zure interesekoa izan daiteke

Tubos Reunidos Trapagarango langileak
18:00 - 20:00
ZUZENEAN
Duela  min.

Tubos Reunidosen aferak barne-krisia eragin du ELAn, eta Trapagarango afiliatuek baztertuta daudela adierazi dute

Trapagarango lantegiko ELAko ordezkariek afiliazio ia osoaren babesa jaso dute; % 94ko aldeko boto eskuratuta. Sindikatuak, bere aldetik, ohar bat argitaratu du esanez, ez duela onartuko bere izenean "langile batzuek erabakitzea beste batzuk direla kaleratuak". Enpresaren "tentazioan erortzea gizatiarra" dela adierazi du, baina "sindikalki onartezina" dela berretsi du. 

18:00 - 20:00
ZUZENEAN
Duela  min.

Gizon bat Eusko Legebiltzarreko hesiari katez lotu zaio, martxoaren 17ko greba orokorraren aldeko ekintza batean

Ertzaintzako agenteek askatzeko eskatu diote, eta uko egin dionez, ertzain batek zizaila batekin katea hautsi eta identifikatu egin du. Ekintza horretan, Eusko Legebiltzarraren atartera pilotak bota dituzte, eta LABek deialdiaren arrazoiak gogorarazi ditu, eta gutxieneko soldata propioa izateko pilota Eusko Jaurlaritzaren "teilatuan" dagoela, Bittor Gonzalez LABen ordezkariak azaldu duenez.

Gehiago ikusi
Publizitatea
X