Espainiako Gobernuak landa eremurako eta garraiorako laguntzak iragarri ditu, Ekialde Hurbileko gerra dela eta
Oraingoz, ez dituzte zehaztu neurriak, ezta noiz onartuko diren ere, baina asmoa "datozen egunetan eta ahalik eta azkarren" onartzea dela ziurtatu dute.
Ekialde Hurbileko gerra eragiten ari den energia-krisiari aurre egiteko hobari fiskalak iragarri ditu Espainiako Gobernuak, eta gatazkak gogorren kolpatu dituen bi sektoretarako laguntza zehatzak, ere bai: landa eremurako eta garraiorako.
Carlos Cuerpo Ekonomia, Merkataritza eta Enpresa ministroak egin du iragarpena, sindikatuekin eta patronalarekin egoera aztertzeko eta neurriak adosteko bildu ondoren egin duen agerraldian. Ez du zehaztu laguntzak zenbaterainokoak izango diren, ezta indarrean noiz sartuko diren ere. "Lehentasuna da testua ahalik eta azkarren ixtea", esan du ministroak, baina ez du ziurtatu datorren astearteko Ministroen Kontseilurako prest egongo den.
Baieztatu duen gauzetako bat da ez dela erregaiaren gaineko hobaririk ezarriko eta elikagaien gaineko BEZa ere ez dela murriztuko, Ukrainako gerra lehertu zenean egin zuten bezala. Orduan, besteak beste, erregai litroko 20 zentimoko hobaria ezarri zen. Ministroak esan du neurri hori ez zela izan "eraginkorra", eta gaurko bileran elkartu diren eragileekin batera hori erabaki dutela. "Gutxien aholkatzen duten neurrietako bat da", zehaztu du.
Ekialde Hurbileko gatazkak eragindako egoerari aurre egiteko prestatu duten plana "zorrotz" eta "arduraz" marraztu dutela azaldu du ministroak, eta egoera geopolitikoaren eta ekonomikoaren bilakaeraren arabera egokitzen joango direla gehitu du. "Malgua da".