Ormuzko itsasarteak itxita jarraitu behar duela azpimarratu du Irango buruzagi goren berriak
Ormuzko itsasartea blokeaturik jarraitu behar duela esan du Mojtaba Khameneik, "etsaiari presio egiteko", inguruko ontzien aurkako erasoen ostean. "Irango indar armatuek aberria menderatzeko, eta, litekeena, zatitzeko itxaropena kendu diete etsaiei", adierazi du Khameneik.
Mojtaba Khamenei aiatola, Irango buruzagi goren berria. Artxiboko argazkia: Europa Press
Ormuzko itsasarteak itxita jarraitu behar duela esan du ostegun honetan Mojtaba Khamenei aiatolak, Irango buruzagi goren berriak, kargua hartu ostean zabaldutako lehen mezu ofizialean.
"Etsaiari presio egiteko palanka gisa" blokeaturik jarraituko duela esan du, inguruko ontzien aurkako erasoen ostean. "Irango Indar Armatuek aberria menderatzeko, eta, litekeena, zatitzeko itxaropena kendu diete etsaiei", adierazi du Khameneik. Aurkezle batek Estatuko telebistan irakurri du Irango buruzagi goren berriaren mezua.
Khameneik "erresistentziaren fronteko borrokalarien lana" goraipatu du, Hezbollah talde xiitari, Yemengo huthiei eta Iraken dauden Iranen aldeko beste miliziei aipamen eginez. Halaber, eskualdeko herrialdeei eskatu die "inbaditzaileak euren baseetatik kanporatzeko", Iranek eraso egiten jarraituko baitu. Testuinguru horretan, haren aita, Ali Khamenei, eta Errepublika Islamikoaren fundatzailea izan ditu gogoan.
Horrekin batera, Khameneiren komunikazio bulegoak "zazpi atal garrantzitsutan" oinarritutako "mezu estrategikoa" zabaldu du. Bertan aipatzen dira, besteak beste, Iraultzaren buruzagi martirizatua —Ali Khameneiri aipamen eginez—, herriaren papera eta betebeharrak, Indar Armatuak, erakunde exekutiboak, erresistentzia-frontea eta eskualdeko herrialdeak, eta etsaien aurkako borroka.
Irango Adituen Batzarrak igandean izendatu zuen Mojtaba Khamenei Irango buruzagi goren berri eta aitaren oinordeko; izan ere, AEBk eta Israelek otsailaren 28an hil zuten Ali Khamenei, Iranen aurkako erasoaldiaren hasieran. Eraso armatu horretan, gainera, Ali Khameneiren emazte Mansure Jojaste Bagherzade eta haren senide batzuk hil zituzten, tartean alaba eta bilobetako bat.
Eraso bateratuak 1.200 hildako baino gehiago utzi ditu orain arte Iranen, tokiko agintariek argitaratutako behin-behineko datuen arabera. Hildakoen artean, buruzagi gorenaz gain, hainbat ministro eta Irango Armadako kide batzuk daude. Horren aurrean, Irango Armadak misil eta drone ugari jaurti ditu azken egunotan, Israelen eta AEBren interesen aurka.
Mojtaba Khameneik azpimarratu duenez, borrokan jarraituko dute "martirien odola mendekatzeko", eta Irango Indar Armatuen lana goraipatu du, "etsaiaren bidea eraso bortitzekin blokeatzeagatik".
Khameneiren lehen mezuaren gako nagusiak:
- Eskualdeko base militar estatubatuar guztiak berehala itxi behar dira; bestela, erasotuak izaten jarraituko dute.
- Iranek harreman onak izan nahi ditu inguruko herrialdeekin. Bere lurraldeko base estatubatuarrei eraso egiten die, eta horrela jarraituko du.
- Ormuzko itsasartea itxita egon behar da Teheranen etsaiak presionatzeko neurri gisa.
- Iranek borrokan jarraituko du bere martiri guztien odola mendekatzeko; eraildako buruzagi goren ohia eta atentatuetan hildako umeak barne.
- Irango Armadako kideek gure esker ona merezi dute, herrialdea menderatzea edo zatitzea saihesteagatik, eta orain egin duten ahaleginagatik.
- Gerrako biktimei laguntza finantzarioa eta bestelakoa emateko planak egiten ari dira. Irandarrek solidarioak izan behar dute eta beren arteko desberdintasunak gainditu.