Tubos Reunidosek 118,1 milioi galdu ditu 2025ean
Azken urtean, finantza-zor garbia 234,3 milioi eurotik 263,2 milioi eurora igo da, besteak beste, FASEE maileguaren interes kapitalizatuen eraginaren ondorioz.
Turbos Reunidosen egoitza. Argazkia: Europa Press
Tubos Reunidosek 118,1 milioi euro galdu ditu guztira 2025ean, aurreko ekitaldian 28,6 milioiko irabaziak izan zituen arren. Horren arrazoia izan dira, enpresaren arabera, "muga-zergen politika murriztaileak", bereziki AEBko altzairuaren inportazioari aplikatutako hazkundearen ondorioz.
Arabako konpainiak Balore Merkatuaren Batzorde Nazionalari jakinarazi dionez, enpresaren EBITDA negatiboa 22,8 milioikoa da.
2025eko negozio-zifra 365,7 milioi eurokoa izan zen, 2024koa baino % 13 handiagoa. Azken urtean, finantza-zor garbia 234,3 milioi eurotik 263,2 milioi eurora igo da, besteak beste, FASEE maileguaren interes kapitalizatuen eraginaren ondorioz.
Tubos Reunidosek ziurtatu duenez, testuinguru horretan, "hilabeteak daramatza bideragarritasun plan bat lantzen, taldearen palanka-efektu operatibo eta finantzario handiari aurre egiteko".
Iazko behin-behineko emaitzak ezagutu ondoren, Tubos Reunidosek Amurrioko eta Trapagarango lantegietako 301 langilerentzako enplegu-erregulazioko espedientea aurkeztu zuen, baita Arabako altzairu-fabrikaren itxiera ere. Aste honetan bertan, 285 borondatezko baja erregistratu ditu lan-agintaritzan.