Aldundiek neurri fiskalak iragarri dituzte Irango gerraren eragina arintzeko
Hartutako neurrien artean daude zerga-zorrak salbuespenen epeak luzatzea, PFEZren ordainketa zatikatuak egitetik salbuestea eta BEZaren itzulketen izapideak azkartzea, enpresei finantzaketa handiagoa eskaintzeko.
Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako Foru Aldundiek neurri fiskal sorta iragarri dute Ekialde Hurbilean gerraren eragina arintzeko, besteak beste zerga-zorrak salbuespenez geroratzea, PFEZren ordainketa zatikatuak egitetik salbuestea eta BEZaren itzulketen izapideak azkartzea.
Ramiro Gonzalez Arabako ahaldun nagusiak, Elixabete Etxanobe Bizkaiko ahaldun nagusiak eta Eider Mendoza Gipuzkoako ahaldun nagusiak Donostian aurkeztu dituzte asteazken honetan foru erakundeek adostu dituzten zerga-neurriak, Irango gatazkak hiru lurraldeetako ekonomian, inbertsioan eta enpleguan eragindako ziurgabetasuna arintzeko.
Aipatutako neurriez aparte, eskuratutako aktibo berrien gaineko ezohiko amortizazio bizkorra edo enplegua sortzeagatiko kenkari gehitua daude, "ehun ekonomikoa babestea eta laguntzea" dute helburu neurriok, arreta berezia jarriz enpresa txikietan, mikorenpresetan eta langile autonomoengan, Covid-19aren pandemiaren krisian edo Ukrainako gerran egin zen bezala.
Hiru aldundiek adostu dute jarduera ekonomikoak egiten dituzten pertsona fisikoen, mikroenpresen eta enpresa txikien zerga zorrak atzeratzea, bermerik eta berandutze interesik sortu gabe, baldin eta borondatez aurkezteko eta ordaintzeko epea Foru Dekretu Araua indarrean jarri eta hurrengo hiru hilabetean amaitzen bada. Argitu dutenez, geroratze horiek ez dute eraginik izango zergen aurkezpen arrunteko kanpainen ondoriozko zerga zorretan.
Horrez gain, erabaki dute jarduera ekonomikoak egiten dituzten pertsona fisikoak salbuetsita egongo direla PFEZren konturako ordainketa zatikatuak egitetik, baldin eta borondatezko aldian aurkezteko eta ordaintzeko epea foru dekretu araua indarrean jarri eta hurrengo hiru hilabetean amaitzen bada.
Gainera, 2026ko ekitaldian, fiskalki amortizazio azeleratua egiteko eskubidea aitortu dute (zenbateko arruntaren % 150) sozietateen gaineko zergaren zergadunek eskuratzen dituzten aktibo berrientzat; jarduera ekonomikoaren berraktibatzea bultzatzeko behar dituzten inbertsioak egiten laguntzea da xedea.
Era berean, enplegua sortzea errazteko helburuz, jarduera ekonomikoak egiten dituzten zergadunentzat, malgutu eta handitu egin da enplegua sortzearen kenkariaren zenbatekoa sozietateen gaineko zergan eta pertsona fisikoen errentaren gaineko zergan. Enplegu orokorra sortzeagatiko kenkariak, nahiz gazteak eta emakumeak kontratatzeagatiko kenkari espezifiko berriak, %10ko igoera izango dute.
EAEko hiru foru aldundiek konpromisoa hartu dute, halaber, BEZaren itzulketen tramiteak arintzeko, epeak laburtuz, enpresei finantzaketa handiagoa eskaintzeko, aurreko krisialdietan egin zen bezala.
Aurreikuspenen arabera, neurri sorta honek epe laburrean likidezian egingo duen eragin potentziala 540,5 miloi eurokoa da EAE osora begira: 282 milioiko eragina Bizkaian, 103,5 Araban eta 155 Gipuzkoan.
Horri guztiari gehitu behar zaio energiaren eta energia-sorkuntzaren zergak murriztearen eragina (BEZa eta zerga bereziak). Murrizketa hori Kongresuan onartu zen, 7/2026 Errege Lege Dekretuaren bidez, eta aplikagarri da Euskadin 2026ko martxoaren 22tik 2026ko ekainaren 20ra. 232 milioiko eragin negatiboa izango du foru ogasunen bilketan.
Aldundien balorazioak
Elixabete Etxanobek adierazi duenez, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako enpresa eta langile autonomoek "abantaila" dute egoera horri aurre egiteko, "Estatuko gainerako lurraldeetakoen aldean; izan ere, foru-aldundiek gaitasun fiskala eta kontzertu ekonomikoa Euskadiko enpleguaren eta jarduera ekonomikoaren zerbitzura jartzea erabaki" baitute.
Eider Mendozak, bestalde, "ezegonkortasun geopolitiko gero eta handiagoaren aurrean" lurraldeko ekonomia "babesteko eta indartzeko" neurri horien garrantzia azpimarratu du.
"Gure eskumenak ustiatu eta gure fiskalitatea egokitzen dugu, gure enpresei eta autonomoei laguntzeko helburuarekin. Iragarri dugun neurri sortak helburu du gure ehun ekonomikoa babestea, une zailetan oxigenoa ematea eta gerra egoeran sendotasunari eustea, ez baitakigu zenbat iraungo duen", azpimarratu du.
Ramiro Gonzalezek adierazi duenez, neurriek "eragin zuzena dute enpresen kontuetan eta likidezian, haien presio finantzarioa murriztuz eta jarduera ekonomikoa eta produktiboari eusteko funtsezko beste ordainketa batzuk lehenestea ahalbidetuz". "Beste krisi batzuen kudeaketan sendotasuna erakutsi dugu eta orain berriz ere ekimena hartzen dugu, gure eredu industrialaren biziraupena eta gure enpleguen babesa bermatzea ahalbidetzen diguten tresna eta mekanismoen bitartez", azpimarratu du.
Zure interesekoa izan daiteke
EBk telelana sustatzea, abiadura mugak murriztea eta hegazkinez bidaiatzea saihestea proposatu du, erregaia aurrezteko
Dan Jorgensen Energia komisarioak azpimarratu du arreta berezia jarri behar dela garraio sektorean, eta jardunbide onen dekalogo bat proposatu du, energia krisiari aurre egiteko. Esan duenez, Ekialde Hurbileko gatazkaren ondorioek luze joko dute.
Euskal partzuergoak Ayesa Digital erosi du
Iñigo Ucin presidente ez-exekutibo eta Manuel Baraza kontseilari delegatu ariko dira. Operazioan, Indar Karterak, BBK-k, Eusko Jaurlaritzak, Vital Fundazioak eta Tekneik osatutako partzuergoak Ibermatica zena erosi du.
Euriborra % 2,565era igo da, 2022ko urritik izan duen hileko hazkunderik handiena
Ekialde Hurbileko gerrak petrolioaren eta gasaren prezioetan eragin dituen igoerek ziurgabetasuna eraman dute merkatuetara eta inflazioaren beldurra zaldu dute banku zentraletan. Ondorioz, hipoteka aldakorrak kalkulatzeko erabiltzen den indizea gora begira jarri da.
Etxebizitzen prezioa % 12,8 igo da Euskadin, eta % 16, Gipuzkoan
Hala, EAE Espainiako hirugarren erkidego garestiena da, metro koadroko 2.631 euroko batez besteko prezioarekin.
Jaurlaritzak elektrizitate-sorkuntza berriztagarria bikoiztuko du 2030era arte, 80 milioiko inbertsio publiko-pribatuarekin
Horrekin batera, 'Lehentasunezko jarduketa-eremuak' izeneko dokumentu bat diseinatu du Jaurlaritzak, parke eolikoak eta fotovoltaikoak "modu errealista eta arrazionalean" hedatzeko. Guztira, eguzki-energiako eta energia eolikoko 11 'planta handi' aurreikusten dira 2030erako.
Satlantisek Lurra behatzeko bere bosgarren satelitea bidali du espaziora
Vandenbergeko (Kalifornia, AEB) Espazio Gunetik egin dute bidalketa, Euskal Herrian 13:07ak zirenean. Bizkaiko enpresak garatutako bereizmen handiko bi kamera daramatza sateliteak.
CAFek 300 milioitik gorako kontratua eskuratu du Serbian eta 30 tren egingo ditu Belgraderako
Unitateak eraikitzeaz gainera, lehen bi urteetako mantentze-lanak ere bere gain hartuko ditu. Serbian lortzen duen bigarren kontratua da.
Ekipaje zerbitzuko langileen greba 90 minuturainoko atzerapenak eragiten ari da Bilboko aireportuan astelehen honetan
Maletak eramateaz eta aireportuetako beste zerbitzu batzuez arduratzen den Groundfroce enpresako langileek lanuzteak egingo dituzte astelehen, asteazken eta ostiralean, hitzarmen kolektibo berriaren negoziazioaren barruko desadostasunak direla eta.
ELAk helegitea aurkeztuko du Tubos Reunidosen erregulazio txostenaren aurka, eta altzairutegiko eta logistika eremuko mantentze-lanei eustea eskatu du
Zentral abertzaleak zalantzan jarri ditu joan den ostiralean enpresak argitaratutako 2025eko emaitzak, "2024koa baino fakturazio nabarmen handiagoa erregistratu arren, aitortutako galerak hasieran jakinarazitakoak baino handiagoak direlako". ELAk adierazi duenez, "litekeena da zuzendaritzak kontabilitate ingeniaritza modu interesatuan erabili izana", eta zalantzan jarri du haren sinesgarritasuna.