Alquiler Segurok auzitegietara eramango du Kontsumo Ministerioak abusuzko praktikengatik ezarritako 3,6 milioiko isuna
Pablo Bustinduyren Ministerioaren ustez, higiezinen agentziak sei arau-hauste oso larri eta larri bat egin ditu, "merkatuko nagusitasuna baliatuz", kontsumitzaileen eskubideak urratuta.
Pablo Bustinduy ministroa, prentsaurrekoan. Argazkia: Europa Press.
Alquiler Seguro higiezinen enpresak jakinarazi duenez, epaitegietan errekurrituko du Eskubide Sozialak, Kontsumo eta 2030 Agenda Ministerioak asteazken honetan, "maizterren aurka abusuzko ekintzak” egiteagatik ezarri duen 3,6 milioi euroko isuna.
Enpresaren ustez, Ministerioaren ebazpena "bidegabea eta arbitrarioa" da, eta administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jarriko duela aurreratu du. Ematen dituen zerbitzu guztiak legezkoak direla defendatu du, eta azpimarratu du hala berretsi dutela orain arte lau epai judizialek.
Pablo Bustinduy ministroak berak sinatu duen ebazpenaren berri eman du Ministerioak asteazken honetan. Ebazpen horrek irmo bihurtu du 2025ean higiezinen agentziaren aurka proposatutako isuna, eta berretsi egin ditu Facuak, Maizterren Sindikatuak eta OCUk jarritako hainbat salaketaren ondorioz Kontsumoko Zuzendaritza Nagusiak ireki zuen zehapen-espedientearen ondorioak.
Ebazpenaren arabera, higiezinen agentziak sei arau-hauste oso larri eta arau-hauste larri bat egin zituen, “merkatuko nagusitasuna aprobetxatuz” kontsumitzaileen eskubideak urratu zituelako.
Hainbat ekintza zigortu dira; hala nola maizterrari ezartzea jabeari dagozkion kostuak, errentariari arreta emateko zerbitzua inposatzea, etxeko asegurua nahitaez kontratatzera behartzea edota errentariari egotzi ezin zaizkion erreklamazioengatiko karguak ezartzea.
Halaber, zigortu egin du kontratuetan gehitzea berankorren edo ordaintzen ez dutenen fitxategietan sartzeko aukera, zor galdagarririk izan gabe, baita kontratu batzuetan atzera egiteko eskubidea mugatzea ere.
Ezarritako isuna 3,6 milioi eurokoa da, orotara, baina hainbat kopurutan banatzen da, arau-haustearen arabera. Halaber, zuzenketak egitera eta abusuzko klausulak ezabatzera behartzen du enpresa.
Ministerioak jakinarazi duenez, beste higiezinen agentzia bati antzeko gertakariengatik irekitako beste espediente bat ikertzen jarraitzen dute.
Zure interesekoa izan daiteke
Eusko Jaurlaritzak Benta Berriko 510 etxebizitza erosi dizkio Blackstone funtsaren filial bati, horien babes publikoari eusteko
Langile bat hil da, Bilboko Portuan dagoen enpresa batean lanean ari zela