Batasunetik kanpo erositako 150 eurotik beherako pakete txikien gaineko zerga kobratzen hasi da EB
Europak galga jarri nahi die batez ere Txinatik (Temu, Shein eta AliExpress enpresen bitartez) Europar Batasunean sartzen diren kostu txikiko inportazioei. Orain arte, 150 euroz azpiko pakete txikiak muga-zergak ordaintzetik salbuetsita zeuden.
Interneteko erosketa plataforma bat. Artxiboko argazkia: Europa Press
Gaurtik aurrera, Europar Batasunak hiru euroko zerga aplikatuko du Europako merkatutik kanpo erosten diren 150 eurotik beherako pakete txikien gainean. Neurriak batez ere Txinatik iristen diren kostu txikiko inportazioei (Temu, Shein eta AliExpress enpresen bidez egiten direnei) eragingo die.
Gaur arte, 150 eurotik beherako pakete txikiak muga-zergak ordaintzetik salbuetsita egon dira, eta egunero halako 15 milioi pakete inguru sartzen dira Europako aduanetan. Bolumen hori dela-eta, oso zaila da ziurtatzea produktu horiek Europako araudia betetzen dutela eta iruzurraren kontra lan egitea, eta tasa berriarekin EBk galga jarri nahi du.
Zenbat ordaindu beharko da pakete bakoitzeko?
EBk 3 euroko kargua ezarriko du paketean datorren produktu mota bakoitzeko. Hortaz, paketeak praka bat eta hogei kamiseta baditu, 6 euro kobratuko dira; aldiz, praka bat, kamiseta bat eta txano bat baditu, 9 euroko errekargua aplikatuko da, adibidez.
Nork ordainduko ditu zergak?
Zenbateko horiek ogasunari ordaintzearen ardura salmenta-plataformek edo produktuak inportatzen dituzten enpresek izango dute. Hala ere, litekeena da kostu hori kontsumitzaileari fakturan ordainaraztea.
Noiz arte aplikatuko da?
Tasa aldi baterako sartuko da indarrean, 2028ko uztailaren 1era arte, hain zuzen ere, data horretan Europar Batasuneko aduanen erreforma zabalagoa indarrean sartuko baita. Erreforma horrek 150 eurotik beherako paketeek 1980ko hamarkadatik izan duten aduana-eskubideen salbuespena ezabatu egingo du, eta aurrerantzean, edukiaren arabera ezarriko dira aduana-zergak.