Argindarra ekoiztearen gaineko zerga progresiboki murriztuko dute, eta 2028an desagertuko da
Prozesua 2026ko hirugarren hiruhilekoan hasiko da, % 30eko murrizketarekin.
Espainiako Ministroen Kontseiluak astelehen honetan erabaki du Energia Elektrikoaren Ekoizpenaren Balioaren gaineko Zerga datozen hemezortzi hilabeteetan murriztea, gradualki, harik eta 2028an behin betiko desagertu arte.
Sara Aagesen Trantsizio Ekologikorako eta Erronka Demografikorako hirugarren presidenteorde eta ministroak azaldu duenez, 2026ko hirugarren hiruhilekoan zerga % 30 murriztuko dute. Laugarren hiruhilekoan murrizketa % 40koa izango da, eta 2027 osoan % 50ekoa.
Zerga 2028an erabat ezabatuko dute. Horrek eragina izango du kontsumitzaileen argindar-fakturan. Murrizketa hori kontsumitzaile motaren araberakoa izango da, baina kasu batzuetan faktura % 6raino merkatzea ekar dezakeela adierazi du Aagesenek.