Andoaingo garraiolari bat bero kolpe baten ondorioz hil dela salatu du LABek
LAB sindikatuak salatu duenez, Andoaingo garraiolari bat hil da ostiral honetan bero kolpe baten ondorioz, Burgosen, kamioian zeraman karga deskargatzen ari zela.
Sindikatuak ohar batean adierazi duenez, 56 urteko langileak shock multiorganikoa izan du tenperatura altuek eraginda.
LAB, ESK, STEILAS, EHNE-Etxalde eta HIRU sindikatuek osatutako intersindikalak elkarretaratzea deitu du astelehenerako, hilak 29, Eusko Jaurlaritzak Donostiako Andia kalean duen eraikinaren aurrean, Euskal Herrian lanean 36 pertsona hil direla salatzeko.
LABen esanetan, istripu hilgarrien eragina garraioaren sektorean "bereziki handia da". Era berean, salatu du patronalak ez dituela betetzen laneko arriskuen prebentzioari buruzko araudiak. “Bestalde, administrazioaren utzikeria dago, ez baitu beharrezko baliabiderik jartzen ez neurririk hartzen enpresek prebentzio-arau horiek bete ditzaten”, gaineratu du.