Ireki da Tubos Reunidos enpresa erosteko eskaintzak aurkezteko epea
Eskaintza aurkezteko baldintza gisa, gutxienez bi urtean jarduera mantentzeko konpromisoa hartu beharko dute erosle potentzialek.
Tubos Reunidosek Amurrion duen lantegia. Artxiboko argazkia: Europa Press
Gaurtik zabalik da Tubos Reunidos enpresa erosteko eskaintzak aurkezteko epea, konpainiak astelehen honetan jakinarazi duenez. Balizko erosleek jarduerari gutxienez bi urtez eusteko konpromisoa agertu beharko dute.
Gasteizko epaitegi batek gidatuko du Tubos Reunidos erosteko prozesua. Hain zuzen ere, hodiak egiten dituen enpresak gaur bertan jakinarazi dio Balore Merkatuaren Espainiako Batzordeari erosketa prozesua zein arauk zehaztuko duten.
Enplegua eta lan baldintzak mantentzea
Aurkeztutako eskaintzak aztertzean, negozioa osorik erosteko asmoa dutenak hobetsiko dira. Hala ere, ekoizpen unitate batekiko interesa izan dezakete eroslegaiek. Halaber, enplegua eta lan baldintzak mantentzea ere kontuan hartuko da.
Eskaintzak aurkezteko faseak
Jarraitu beharreko urratsak eta izapideak egiteko epeak ezarri ditu epaileak:
- Lehenik eta behin, eroslegaiek mezu elektroniko bat bidali beharko dute epaitegira.
- Mezua jaso ondoren, gehienez bost egun baliodun izango dituzte konfidentzialtasun-gutun bat bidali eta taldearenganako interesa adierazteko.
- Ondoren, hogeita hamar egun balioduneko epea ezarriko da, gutuna aurkeztu dutenek enpresa behar bezala azter dezaten. Horretarako, due diligence prozesua egingo dute, lantegiak bisitatuko dituzte, eta zuzendaritzarekin nahiz sindikatuekin bilduko dira.
- Jarraitzea erabakitzen badute, azken eskaintza aurkeztu beharko dute.
Gehienez 5 eskaintza
Tubos Reunidosen hartzekodunen konkurtsoaz arduratuko den administratzaileak gehienez bost eskaintza aukeratuko ditu, lehen aipatutako irizpideak kontuan hartuta.
Hautatutako erosle potentzialek galde-erantzunen prozesu batean parte hartzeko aukera izango dute azken eskaintza aurkeztu aurretik.
Ondoren, administratzaileak eskaintzak ebaluatu, baloratu eta sailkatuko ditu.
Behin hori egindakoan, kontsulta-fasea irekiko da konpainiaren, administrazio konkurtsalaren, langileen ordezkarien eta balizko erosleen artean, eskaintzan jasotako baldintzak betetzeko beharrezko akordioak lortzeko asmoz.
Eta akordiorik ez badago, zer?
Aurreikusitako epean akordiorik lortzen ez bada, eskaintzaileak bere eskaintza erretiratu ahal izango du. Kasu horretan, hurrengo erosle hautagaiarekin hasiko da kontsulta-fasea.
Akordioa lortuz gero, administratzaileak aukeratutako eskaintaren berri emango du, eta, ondoren, Auzitegiak salerosketa baimendu beharko du.