EAEko ogasunek inoiz baino diru gehiago bilduko dute aurten eta % 3ko deflaktazioa aplikatuko dute errenta zergan
Finantzen Euskal Kontseiluak baieztatu du zerga bidezko diru bilketa aurreikusi baino % 1,1 handiagoa izango dela aurten. 2027ari begira, 22.681 milioi euro biltzea aurreikusi dute.
Euskal Autonomia Erkidegoko hiru ogasunek aurreikusi baino diru gehiago bilduko dute zerga bidez aurten, Finantzen Euskal Kontseiluak gaur egindako bileran jakinarazi duenez. 2026ko diru bilketa iaz baino % 4 handiagoa izatea espero bazen ere, azkenean % 5,1 haziko da, espero baino % 1,1 gehiago. 2027ari begira, 22.681 milioi euro biltzea aurreikusi dute, % 6,2 gehiago.
Urtero bezala, Finantzen Euskal Kontseilua osatzen duten erakundeek —Eusko Jaurlaritza, hiru aldundiak eta Eudel— bilera egin dute aurtengo aurreikuspenak eguneratzeko eta hurrengo urtean biltzea espero dutena kalkulatzeko.
Aurten zerga bidez 21.365 milioi euroa bilduko dituzte hiru ogasunek, iaz baino % 5,1 gehiago eta hasiera batean aurreikusi baino % 1,1 gehiago.
2027ari begira, zerga bidez aurten baino % 6,2 gehiago jasotzea espero dute hiru ogasunek, 22.681,7 milioi euro guztira, aurten baino 1.316 milioi gehiago.
Errenta zergan % 3ko deflaktazioa
Finantzen Euskal Kontseiluaren osteko prentsaurrekoan jakinarazi dutenez, aldundiek % 3ko deflaktazioa iragarri dute datorren urteko errenta zergan, inflazioa konpentsatzeko.
Deflaktazioa da benetako soldata eta erosteko ahalmena egungo prezioen igoeraren agertokira egokitzea, herritarrek are zerga gehiago ordain ez dezaten.