Urte arteko KPIa % 5era igo da EAEn, eta % 5,3ra Nafarroan, irailean
Espainiako Estatuan iraileko inflazioa % 4,9an kokatu da, abuztutik sei hamarren gora eginda. 2023ko otsailetik izandako tasarik altuena da.
Erregaiek bultzatuta inflazioak % 5era eta % 5,3ra igo da Nafarroan. Artxiboko argazkia: Europa Press
Prezioek gora eta gora egiten jarraitzen dute. Irailean ere inflazioak gora egin du eta urte arteko tasa % 5ean gelditu da Euskal Autonomia Erkidegoan (EAE) eta % 5,3an Nafarroan, aurreko hilabetean baino puntu erdi eta 1,1 puntu gehiago, hurrenez hurren, INE Espainiako Estatistika Institutuak gaur zabaldutako behin betiko datuen arabera.
Halaber, urte arteko tasa % 5,4raino igo da Araban, % 5,3raino Bizkaian eta %4,3raino Gipuzkoan.
INEren arabera, erregaien garestitzeak eta pakete turistikoen prezioen igoerak bultzatu du inflazioaren gorakada.
Abuztutik irailera, Kontsumorako Prezioen Indizea (KPI) hamarren bat igo da EAEn, eta, lau hamarren, Nafarroan.
Urtea hasi zenetik, prezioak % 3,9 garestitu dira EAEn eta Nafarroan.
Espainiako Estatuan urte arteko tasa % 4,9koa izan da irailean, eta, beraz, sei hamarren hazi da abuztutik. Hortaz, 2023ko otsailetik (% 6) izandako altuena da.
Bestalde, azpiko inflazioa (energia eta elikagai freskoak kontuan hartzen ez dituena) bi hamarren hazi da irailean, % 3,1eraino.
Erregai litroko 20 zentimoko deskontua azaroan
Gasolioa eta gasolina % 34 eta % 27 garestitu dira, Espainiako Gobernuak ezarritako % 15eko langaren oso gainetik. Hori dela eta, erregai litroko 20 zentimoko deskontua aplikatuko zaie azaroaren 1etik aurrera ere.