ERRONKA DEMOGRAFIKOA
Gorde
Kendu nire zerrendatik

Confebaskek aurreikusi du 240.000 langile faltako direla 2035erako

Tamara Yagüe Confebasken presidenteak ezinbestekotzat jo du erronka demografikoari orain erantzutea, eta nabarmendu du talentu arrakalak arriskuan jartzen duela Euskadiren lehiakortasuna. 

Tamara Yagüe, Confebask

Tamara Yagüe Confebasken presidentea, artxiboko irudi batean. Argazkia: Europa Press

Confebask EAEko patronalak ohartarazi du Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan 240.000 langile faltako direla 2035erako, baldin eta badira horri aurre egiteko neurriak garaiz hartzen. Halaber, barne produktu gordinean ere eragina izango duela aurreikusi du (22.606 milioi euro gutxiago). 

Horiek dira "Erronka demografikoa eta lehiakortasuna Euskadin" ikerketaren ondorio nagusiak. Hain zuzen ere, gaur goizean Bilboko Euskalduna Jauregian egin den jardunaldi batean aurkeztu ditu Confebaskek azterlan horren nondik norakoak. 

Zehazki, Confebaskek kalkulatu du 344.735 langile faltako direla, 253.556 pertsonak erretiroa hartuko dutelako eta enpresek, behar berriak tarteko, 91.179 pertsona gehiago beharko dituztelako. Bestalde, biztanle aktibo berriak 103.828 izango direla aurreikusi du, eta, ondorioz, 2035ean 240.907 langile faltako direla.

Horrez gain, Ogasunak eta Gizarte Segurantzak diru gutxiago bilduko dute, errentaren gaineko zergan (PFEZ) eta enpresek langile bakoitzarengatik egindako ekarpenagatik.

“Anbizioz” ekiteko ordua dela nabarmendu du Yagüek

Tamara Yagüe Confebasken presidentearen esanetan, erronka demografikoa "ez da urruneko mehatxu bat" eta ezinbesteko jo du orain erantzutea. Halaber, nabarmendu du talentu arrakalak arriskuan jartzen duela Euskadiren lehiakortasuna. Hori dela eta, "anbizioz" ekiteko eta hainbat alorretan (etxebizitza, enplegua, prestakuntza eta migrazio politikak) neurriak hartzearen alde egin du.

Zure interesekoa izan daiteke

Gehiago ikusi
Publizitatea
X