Hegaldiak bertan behera grebaren eraginez: 11 Bilbon eta bana Iruñean, Gasteizen eta Donostian
Gaur goizean Loiun aurreikusitako lehen 21 hegaldietatik 11 bertan behera geratu dira. Noainen, gutxienez hegaldi bat geratu da bertan behera eta beste bana Hondarribian eta Forondan.
Bilboko aireportuko hegaldiei buruzko informazio-panela, gaur eguerdian. Argazkia: EITB
Greba orokorra eragina izaten ari da aire-trafikoan, eta hainbat hegaldi bertan behera geratu dira euskal aireportuetan. Gutxieneko zerbitzuak % 18 eta % 85 artean daude ezarrita, ibilbideen arabera.
Bilbon, greba orokorraren lehen orduetan, 11 hegaldi bertan behera geratu dira, eta 10 mantendu dituzte. Guztira, aerodromoak 108 hegaldi ditu programatuta. Aenak jakinarazi du Loiuko aparkalekuak normaltasunez funtzionatzen ari direla, eta uneoro irekita egon direla. Gainera, Aenak jakinarazi duenez, airelineek "hegaldiak birprogramatu dituzte eta bidaiariak birkokatu dituzte aurreko egunetan".
Iruñean, Noaingo aireportuan, gutxienez, goizeko 10:40an Madrilera bidaiatzeko programatuta zegoen hegaldi bat bertan behera geratu da, Aenaren webgunean agertzen denez, nahiz eta ez duen bertan behera uzteko arrazoiaren berri ematen.
Aenak jakinarazi duenez, Forondatik Bartzelonara joatekoa zen hegaldi bat eta Hondarribitik Madrilera joatekoa zen beste bat ere bertan behera geratu dira.
Eragina beste aireportu batzuetan
Espainiako Estatuan deitutako greba orokorra hainbat aireportutan eragina izaten ari da. Orotara, goizeko 10:00ak arte programatutako hegaldien % 5,2 geratu dira bertan behera, 234 guztira.
Bartzelonan, El Prat aireportuan, 85 operazio utzi dituzte bertan behera, irteeren eta iritsieren artean, gaurko programatutako 734 operazioetatik. Aireportua martxan dagoen arren, greba eragin handia izaten ari da aierportura iristeko garraio publikoan.
Madrilen, Adolfo Suarez aireportuak programatutako 1.097 hegaldietatik, sei geratu dira bertan behera, goizeko 08:30ean.
Kanarietan, 08:30erako, gaurko programatutako 1.176 hegaldietatik lau bertan behera geratu dira. Ordu berean, Balear Uharteetan 25 hegaldi bertan behera utzi dituzte (331 dira gaurko aurreikusitakoak). Eragin handiena La Palman izan da (232 hegalditik 21 bertan behera geratu dira), eta ondoren, Menorkan (programatutako 36tik 4 eten dira). Oraingoz, ez da hegaldirik bertan behera utzi Eivissan (63 operazio daude aurreikusita).
Galizian, sei hegaldi utzi dituzte bertan behera Santiago de Compostelan, eta beste lau Vigon. A Coruñan ez dute eragozpenik erregistratu.