Eusko Jaurlaritzak % 30eko gutxieneko zerbitzuak ezarri ditu garraioan eta jaiegunetakoak ospitaleetan
Gainera, hezkuntza-zentroak irekita egon ahal izateko beharrezkoak diren gutxieneko langileak zehaztu ditu. EITBk asteburuko informazio-zerbitzuak hartu ditu gutxieneko zerbitzutzat, ohiko ordutegian.
Gurutzetako Ospitalea, Barakaldo (Bizkaia). Artxiboko argazkia: EFE.
Asteazkenean, greba orokorraren egunean, EAEko ospitaleek jaiegun gisa funtzionatuko dute, eta garraio publikoek zerbitzuen % 30 bermatu beharko dute, Ekonomia, Lan eta Enplegu Sailak ezarritako gutxieneko zerbitzuen aginduan jasotzen denaren arabera.
Jaiegunetako zerbitzuak osasun zentroetan
Osasun sektorean, aginduak ezartzen du ospitaleek jaiegunetako ohiko langileekin lan egin behar dutela, alta medikoak emateko aukera bermatzeko.
Funtzionamendurako eta ospitaleratutakoei arreta emateko beharrezkoak diren larrialdietako eta garbiketako zerbitzuak ere bermatu egingo dira. Era berean, dialisiak eta tratamendu onkologikoen % 100 bermatu egingo dira, baita atzeratu ezin direnak ere.
Lehen Arretan, osasun-zentroetako langileek larunbateko txandan bezala lan egingo dute, eta % 100ean larrialdietan eta Etengabeko Arreta Guneetan (EAG).
Era berean, larrialdietako eta atzeraezinak diren tratamenduetarako garraioa ere bermatuta egon behar da.
Garraio publikoa, % 30era
Autobusek, trenek, tranbiek, funikularrek eta ibai-garraioak programatutako orduen % 30i eutsi egingo diote. Lehentasuna emango zaie ordezko garraio-zerbitzurik ez duten lineei eta osasun-zentroetara joateko direnei. Bereziki, lantokietan sartzeko eta irteteko ordutegiak beteta egon behar dira.
Gainera, gasolindegien % 20 irekita egon beharko dute.
Ikastetxeak irekita daudela bermatu egin beharko da
Hezkuntza sektoreari dagokionez, unibertsitatez kanpoko irakaskuntzan zuzendaritza-taldeko pertsona batek eta mendekoen plantillako beste batek lan egin beharko dute goizean eta beste batek arratsaldean, sarrera-kontrola bermatzeko. Halaber, gutxienez irakasle bat egon beharko da hezkuntza-etapa bakoitzeko.
Unibertsitateetan, gutxienez, atezain bat egongo da goizeko txandan eta beste bat arratsaldekoan, eta irakasle bat azterketak egiteko, planifikatuta badaude eta azken ebaluazioko kalifikazioa badute.
Gizarte-zerbitzuak eta adinekoen egoitzak
Adinekoen, mendeko pertsonen eta desgaitasunen bat dutenen egoitzetan, zuzeneko arreta gauzatzen duten gerokultoreen % 50 egon behar dira. Otorduetan eta ordutegi zehatz batzuetan, % 10 igoko da.
Gaueko txandan, zuzeneko arretako zerbitzua % 100ekoa izan behar da, eta medikuen eta erizainen kasuan, berriz, % 50ekoa, sukaldeetan bezala.
Administrazioa eta Justizia
Administrazio publikoei dagokienez, dokumentuak erregistratzeko zerbitzua irekita egongo da hiru hiriburuetan, Zuzenean zerbitzuaren bidez; Justizia Administrazioan, berriz, guardia-zerbitzuaren berezko jardunak eta deitutako epaiketa eta egintzak bermatu egingo dira, baldin eta horiek eteteak kalte larria eragin badezake, hainbat arrazoi tarteko.
Bestalde, ebazpenak zehazten du espetxeetan osasun-arreta, elikagaiak eta barneratuei egin beharreko gutxieneko bisitak bermatu egingo direla, baita segurtasuna eta ordena ere, larunbat bateko ohiko langileekin.
EITB, asteburuetan bezala
EITBn, asteburuko informazio-zerbitzuak hartzen dira gutxieneko zerbitzutzat, ohiko ordutegian.