Arrantza
Gorde
Kendu nire zerrendatik

Jaurlaritzak bertan behera utzi du angularen arrantza kanpaina, espeziearen egoerak okerrera egin duelako

Itsasoa Esploratzeko Nazioarteko Kontseiluak emandako gomendioetan oinarritzen da erabakia. Euskadiko Angulero Elkarteak, baina, salatu egin du Eusko Jaurlaritzak kanpaina bertan behera uzteko hartutako erabakia.

Pesca de angulas

Eusko Jaurlaritzak erabaki du 2026-2027ko angularen arrantza profesionaleko kanpaina bertan behera uztea Euskadin, aingira europarrak bizi duen egoera kritikoa eta espeziearen hilkortasuna murrizteko nazioartetik jasotako gomendio zientifikoak kontuan hartuta. 

Erabakia Itsasoa Esploratzeko Nazioarteko Kontseiluaren gomendioetan oinarritzen da. Kontseilu horrek "kritiko" gisa deskribatzen du animaliaren egoera.

Euskadiko ibaietara iristen zen angula kopurua % 12,1ekoa zen 2025ean, eta 2026an are gehiago jaitsi da; % 6,4raino. 

Europatik heldutako txostenek agerian uzten dute azken urteotan kudeaketa eta kontserbazio neurriak hartu diren arren, aingira populazioak Europar Batasunak ezarritako helburuetatik oso urrun jarraitzen duela. Testuinguru horretan, Eusko Jaurlaritzak beharrezkotzat jo du espeziea babesteko neurriei eustea, Euskadiko Aingira Kudeatzeko Planaren arreta printzipioarekin eta helburuekin bat etorriz. 

Euskadiko Angulero Elkarteak erabakia salatu egin du

Aldiz, Euskadiko Angulero Elkarteak publikoki salatu egin du Eusko Jaurlaritzak 2026-2027 angularen arrantza profesionaleko kanpaina bertan behera uzteko hartutako erabakia. Kritikatu dute, besteak beste, posta elektronikoz jaso dutela debekuaren berri, eta Jaurlaritzak ez duela errespetatu 77/2024 Dekretuan onartutako prozedura. 

"Ez da erabaki tekniko bat. Jaurlaritzak berak adostutako prozeduraren bizkar hartutako erabaki politiko bat da, eta ez da iritzi bat: egiaztagarria da. Eusko Jaurlaritzak ez du bere dekretua bete, eta ez dio jaramonik egin Arartekoak 2025eko ekainean egindako gomendioari. Horrek adierazten zuen beharrezkoa zela neurri arautzaileak irizpen tekniko eta zientifikoetan oinarritzea eta sektorearen benetako parte-hartzea bermatzea", salatu dute.

Zure interesekoa izan daiteke

Gehiago ikusi
Publizitatea
X