Vicinayren 60 kaleratzeei izena jarri die enpresak eta enpresa batzordeak mobilizazio gehiago iragarri ditu
Gaur hasi dira bi aldeak lan erregulazio espedientea negoziatzen, bakoitzak lehengo lepotik burua. Zuzendaritzak uste du proposatutako bi neurriak (LEEa eta aldi baterako erregulazioa) "beharrezkoak" direla enpresaren bideragarritasuna lortzen saiatzeko. Beharginek bi orduko lanuztea egin dute gaur eta manifestazioa, ostiralean.
Sestaon (Bizkaia), gaur hasi dira Vicinay enpresak ezarri asmo duen lan erregulazio espedientea (LEE) negoziatzen. Lehen bilera adostasun barik abiatu dute bi aldeek. Enpresak izena jarri die iragarritako 60 kaleratzeei eta aldi baterako lan erregulazio espedienteari eutsi dio gainerako beharginentzat. Enpresa batzordeak "erabat" baztertu ditu neurriok, eta mobilizazio gehiago iragarri ditu datozen egunetarako.
Zuzendaritzak bi neurriak justifikatzeko dokumentazioa eman dio enpresa batzordeari. Horren arabera, kaleratzeak (128 beharginetatik, 60, plantillaren ia erdia) eta aldi baterako erregulazioak (gainerako langileentzat, 2027ko uztailaren 31ra arte) "beharrezkoak dira enpresak bideragarritasuna lortzen saiatzeko". Enpresak ohar bidez azaldu duenez, kaleratzeak datozen urteotako jarduerara (15.000 tona urteko) moldatzeko egin behar ditu, eta aldi baterako neurria eskari faltari eta gainerako lantaldeari eusteko da.
Enpresa batzordeak beste ohar bat kaleratu du azaltzeko dokumentazioa xehe aztertuko duela zerbitzu juridikoekin batera.
Bi aldeek 30 egun izango dituzte LEEa negoziatzeko. Aldi baterako erregulazio espedienteari dagokionez, azaroaren 23an abiatuko da kontsulta epea.
Beharginek bi orduko lanuztea egin dute gaur, eta ostiralerako manifestazioa dago deituta Sestaon. 08:30etik 12:00etara udalerriko kaleak zeharkatuko dituzte, lantegiko atetik abiatuta eta han bukatuta.
Vicinayk kateak eta ainguratze lineak ekoizten ditu. 2025eko uztailean hartzekodunen aurrekonkurtsoan sartu zen, eta likidazioa saihestu zuen
Bizkaiko konpainia, kateak eta ainguratze-lineak ekoizten dituena, hartzekodunen aurrekonkurtsoan sartu zen 2025eko uztailean. Velora taldeak, Damaso Quintana buru, enpresa erosi zuen eta likidazioa saihestu. Hilabete berean Jaurlaritzak iragarri zuen erosketan parte hartuko zuela, eta 7,5 milioi euroko inbertsioa egin zuen.
Hain zuzen ere, langileek inbertsio publiko hori gogora ekarri eta Eusko Jaurlaritzaren eta aldundien "erantzukizuna" azpimarratu dute.
Jaurlaritzak aurreratu du saiatuko dela kaleratzeak plantillaren % 20 baino gehiago ez izatea.