LABek Jaurlaritzaren gutxieneko zerbitzuak inpugnatu egin ditu, eta agindua bertan behera uzteko eskatu du
Sindikatuari gehiegizkoak iruditu zaizkio, besteak beste, “osasungintzako eremu zehatz batzuetarako, teleasistentzia edo dei-guneetan, zerbitzu sozialen esparru batzuetan eta hezkuntzan” jarritako zerbitzuak, eta grebaren arrakasta oztopatzen saiatzea leporatu dio Jaurlaritzari.
LABek azaroaren 11ko greba orokorrerako Eusko Jaurlaritzak zehaztu dituen gutxieneko zerbitzuen kontrako helegitea aurkeztu du, hainbat langileren greba eskubidea urratzen dutelakoan.
Ekonomia, Lan eta Enplegu sailaren aginduak gutxieneko zerbitzuak zehaztu ditu, besteak beste, EAEko osasun sektorean, garraioan, hezkuntzan, Administrazioan eta Justizian. Ospitaleetan, adibidez, asteburuko zerbitzuak ezarri ditu, eta garraioan, % 30ekoak.
LABen arabera, horiek grebarako eskubidea galaraziko diete hainbat langileri, ezarritako “zenbatekoak abusuzkoak dira” eta. Horregatik, kautelazko neurriak eskatu ditu helegitean, behin-behinean bertan behera uzteko aginduak jasotzen dituen “hainbat neurri zehatzen kontra”.
Horien artean, sindikatuak aipatu ditu “osasungintzako eremu zehatz batzuk, teleasistentzia edo dei-guneak, zerbitzu sozialen esparru batzuk eta hezkuntza”.
LABen helburua Eusko Jaurlaritzak “eremuz eremu, sektorez sektore, grebara batuz, lantokiak hustea eta kaleak betetzea” ezin oztopatzea da, ohar batean esan duenez.