GREBA OROKORRA
Gorde
Kendu nire zerrendatik

Hauek dira azaroaren 11ko grebarako gutxieneko zerbitzuak Nafarroan

Asteazkeneko greba deialdiaren harira, funtsezko zerbitzuen funtzionamendua bermatuko du Foru Gobernuak osasun arloan, hezkuntzan, gizarte zerbitzuetan, larrialdietan eta justizian. 

hospital universitario navarra nafarroako ospitalea

Nafarroako Unibertsitate Ospitalea. Artxiboko argazkia: Europa Press.

Nafarroako Gobernuak gutxieneko zerbitzuak ezarri ditu azaroaren 11ko greba orokorrari begira, foru administrazioan ez ezik baita haren menpeko erakunde autonomoetan ere. Osasun arreta, hezkuntza, gizarte zerbitzuak, larrialdiak, justizia eta oinarrizkotzat jotzen diren beste hainbat zerbitzu bermatu nahi ditu neurrion bidez. 

Horrela, Osasuna, Hezkuntza, Eskubide Sozialak, Babes Zibila, Suhiltzaileak eta Justizia arloetan, esaterako, funtsezko zerbitzuen funtzionamendua bermatzeko gutxieneko zerbitzuak ezarri dira. Administrazio zerbitzuetan, berriz, herritarrei arreta emateko guneetako jarduera bermatzea izan da jarraibide orokorra.

Osasuna

Ospitaleetan larrialdietako, zainketa intentsiboetako, erditze eremuetako eta premiazko ebakuntza kirurgikoetako zerbitzuak bermatuko dira. Hemodialisi, onkologia eta erradioterapia tratamenduak % 100ean emango dira, baita ospitaleratutako gaixoen arreta eta segimendua behar duten beste tratamendu batzuk ere. Bestalde, ebakuntza kirurgikoak edota kontsultak gaitasun logistikoaren % 60ra arte emango dira. 

Lehen Arretan, osasun etxe bakoitzak gutxienez familia mediku, pediatra, erizain, eta administrazioko pertsona bana izango du. 

Etengabeko arretako guneetan eta ospitalez kanpoko larrialdietan ohiko jarduera izango da.

Osasun mentaleko zentroetan, batez beste, lantaldearen % 40 bermatuko da.

Hezkuntza

Unibertsitatez kanpoko ikastetxe publikoetan eta itunpeko ikastetxeetan zuzendaritzako kide batek eta ikasketa buruak joan beharko dute. 

Gainera, Haur Hezkuntzan eta Lehen Hezkuntzan irakasle bat egon beharko da hiru unitate bakoitzeko. Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan eta Lanbide Heziketaren kasuan, ostera, irakasle bat bermatuko da lau unitate bakoitzeko. 

Hezkuntza Sailaren mendeko haur eskoletan hezitzaile bat egon beharko da bi unitate bakoitzeko, zuzendaritzako, sukaldeko eta garbiketako langileekin batera.

Larrialdiak

Sos Nafarroa larrialdi zerbitzuetan zazpi pertsonak jardungo dute goizeko txandan, zortzik, arratsaldean, eta lauk, gauean. Horiei koordinazio lana egiten dutenak gehitu behar zaizkie.

Suhiltzaileei dagokienez, gutxienez hamaika suhiltzaile izango dira Kordobako parkean, zazpi Iruñeko Trinitariosen, bost Tuteran eta lau gainerako parkeetan. Langile horiei agintariak eta Erreskate Teknikoko bi kide gehituko zaizkie.

Justizia

Justiziaren eremuan, herritarren arreta eta biktimen laguntza bermatu egingo dira, baita auzitegi medikuntzako eta mantentze zerbitzuak ere. 

Zure interesekoa izan daiteke

Gehiago ikusi
Publizitatea
X