GREBA OROKORRA

Gorde
Kendu nire zerrendatik

Mobilizazio ugari eta elkarbizitzarako deiak, Hego Euskal Herriak asteazkenean biziko duen greba orokorraren harira

Etxebizitzarako eskubidearen eta soldata duinen alde lanuztea egiteko deia egin dute sindikatuek eta gizarte-eragileek. Manifestazioak deitu dituzte lau hiriburuetan eta 70 herri baino gehiagotan. Bestalde, Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak jardunaldia "errespetuz eta modu baketsuan" igarotzeko deia egin dute.

GRAFCAV245. BILBAO, 02/10/2026.-Un momentos de la manifestación en Bilbao convocada por los sindicatos de vivienda de Euskadi en las tres capitales vascas, en favor de una vivienda digan y sin especulación EFE/Luis Tejido
Manifestaciones en Bilbao por el derecho a la vivienda. Foto: EITB

Greba orokorreko eguna izango da Hego Euskal Herrian asteazken honetan, azaroaren 11n, etxebizitza eskubidearen, soldata duinen eta bizi-baldintzak hobetzearen alde. Estatu mailan egindako deialdia da; hala ere, euskal esparruko sindikatuak eta estatu mailakoak bananduta irtengo dira kalera, bakoitza bere aldarrikapen eta mobilizazio propioekin. 

Euskal gehiengo sindikalak —ELA, LAB, ESK, Steilas, Etxalde eta Hiru— Euskal Herriko Etxebizitza Sindikatuen Sarearekin eta Etxebizitza Sindikatu Sozialistarekin egin du bat deialdi honetarako. Eragile horiek uste dute asteazkeneko lanuzteak eta mobilizazioak "arrakastatsuak" izango direla. Agiri bateratu batean, "poza" agertu dute 240 eragile eta mugimendu sozial baino gehiago batu direlako deialdira, eta lantegietan, ikastetxeetan, auzoetan eta herrietan egindako batzarretan egon den "parte-hartze zabala" nabarmendu dute.

Zortzi deitzaile horiek greba honetan "Euskal Herriko esparrua defendatu" nahi dute; hau da, Euskal Herrian adostutako aldarrikapenak zabaltzea eta hemengo erakundeak interpelatu nahi dituzte. Etxebizitza "eskubide bermatua" izatea aldarrikatzen dute, "espekulazioarekin amaitzeko" beharra azpimarratzen dute. Horrez gainera, uste dute garaia dela "Lan Harremanetarako eta Babes Sozialerako Euskal Esparruan sakontzeko".

Era berean, "soldaten debaluazioaren bidez langileriak bizi duen pobretzea" salatuko dute. Horregatik, Confebask eta CEN patronalei dei egingo diete. Izan ere, enpresarien elkarteek uko egin diote Araban, Bizkaian, Gipuzkoan eta Nafarroan 1.500 euroko gutxieneko soldata propioa negoziatzeari.

Bestalde, estatu mailako sindikatuek, CC.OO.k eta UGTk, Maizterren Sindikatuen Konfederazioarekin bat egin dute Estatu mailako greba orokorraren deialdia erregistratzeko —azken 14 urteetako lehena— eta politikariei zein erakundeei eskatzeko etxebizitza duina eskuratzeko aukera bermatu dezatela. CGT, CNT eta beste hainbat sindikatuk ere bat egin dute deialdiarekin. 

Deialdi horrek lan arloko aldarrikapenak ere jasotzen ditu; hala nola, erosteko ahalmena berreskuratzea, lanaldia murriztea, negoziazio kolektiboaren blokeoa gainditzea eta prezioen garestitzeari aurre egiteko neurriak hartzea.

Mobilizazioak hiriburuetan eta 70 herri baino gehiagotan

Goizeko lehen ordutik, deitzaileek lantegietako sarreretan edo hiriburuetara sartzeko bideetan piketeak eta mobilizazioak egingo dituztela espero da. Ondoren, euskal sindikatuek eta Estatu mailako sindikatuek bananduta egingo dituzte mobilizazioak.

ELA, LAB, ESK, Steilas, Etxalde, Hiru, Euskal Herriko Etxebizitza Sindikatuen Sarea eta Etxebizitza Sindikatu Sozialista eguerdian egingo dituzte manifestazioak Hego Euskal Herriko lau hiriburuetan, baita Eibarren eta Tuteran ere. Hauek dira ordutegiak eta elkarguneak:

  • Bilbo – 12:30ean, Arriaga plazan.

  • Donostia – 12:30ean, Pio XII.aren plazan.

  • Gasteiz – 12:00etan, Bilbo plazan.

  • Iruñea – 12:30ean, Gazteluko plazan.

  • Eibar – 12:00etan, Untzaga plazan.

  • Tutera – 12:30ean, Foruen plazan.

Hiriburuetako mobilizazioak lehenago hasiko dira, hainbat auzotatik edo inguruko herrietatik abiatuko diren zutabeekin.

Arratsaldean, berriz, manifestazioak egingo dituzte 18:00etan lau hiriburuetan eta Hego Euskal Herriko 70 herri baino gehiagotan.

Bestalde, UGTk eta CCOOk mobilizazio bateratuak antolatu dituzte lau hiriburuetan, Soldatak, etxebizitza eta prezioak lelopean. Hauek dira ordutegiak eta lekuak:

  • Bilbo – 11:30ean, Euskadi plazan.

  • Donostia – 12:00etan, Alderdi Ederren.

  • Gasteiz – 11:30ean, Gobernuaren Ordezkariordetzan (Olagibel kalea, 1).

  • Iruñea – 17:30ean, Zaragoza etorbidetik hasita.

Horrez gain, Nafarroan ibilgailu-karabana egingo dute 09:00etatik aurrera, hiriburuan eta inguruko herrietan.

Errespetua eta lasaitasuna eskatu dituzte

Enpresaburuen elkarteek greba egiteko eskubidea errespetatzen dutela adierazi dute, baina uste dute "zentzurik ez" duela, enpresaburuei ez dagokien auzia delako. Gipuzkoa Merkatariak federazioak, berriz, "elkarrekiko errespetua" eskatu du, eta ateak irekitzeko hautua egiten duten saltokiei "lasaitasunez" lan egin ahal izatea bermatzeko eskatu du.

Erakundeen aldetik, bai Nafarroako Gobernuko presidente Maria Chivitek, bai Eusko Jaurlaritzako bozeramaile Maria Ubarretxenak, eguna lasaitasunez igarotzeko deia egin dute.

Ubarretxenak euskal gizartearen "heldutasun demokratikoan" konfiantza duela adierazi du, eta jardunaldia "normaltasunez, gizalegez eta elkarbizitzan" garatzea espero duela gehitu du.

Chivitek, berriz, greba deialdiaren "eskaerak partekatzen" dituela eta manifestazioak "baketsuak" izatea espero duela esan du. "Horrela, aldarrikapenek zilegitasun handiagoa izango dute", berretsi du.

Nafarroako presidenteak bezala, hainbat alderdi politikok ere deialdiarekiko babesa agertu dute eta harekin bat egin dute.

Nafarroan, gehiengo aurrerakoiak Foru Parlamentuaren jarduera etetea adostu du, eta Iruñeko Udalean adierazpen bat onartu dute, deialdiari "babes esplizitua" emateko.

Eusko Jaurlaritzari dagokionez, sailburu sozialistek lanuztearen alde daudela adierazi dute. Izan ere, horietako batzuek —Mikel Torres Ekonomia, Lan eta Enplegu sailburuak, esaterako— agenda bertan behera utzi dute, grebaren jarraipena "gutxieneko zerbitzuetan" egiteko.

Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak zerbitzu minimoak ezarri dituzte garraio publikoan, osasun zerbitzuetan, hezkuntzan, administrazioan eta funtsezko beste zerbitzu batzuetan.

Zure interesekoa izan daiteke

Gehiago ikusi
Publizitatea
X