Etxebizitzaren aldeko greba orokorra azaroaren 11n izango da
Estatu mailako sindikatuek arratsaldean baieztatu dute data hori. Horrez gainera, ELA, LAB eta ESK sindikatuak ere deialdi horretara batu dira. Azken horiek iragarria zuten Euskal Herriaren ikuspegitik eman nahi diotela lehentasuna arazoari.
Etxebizitzaren aldeko greba azaroaren 11an izango da Estatu osoan. Estatu mailako sindikatuek egun hori ezarri dute arratsaldean egin duten bileran. Aurretik, Euskal Herri mailan, ELA, LAB eta ESK Espainia mailan Maizterren Sindikatuak proposatutako eta UGT eta CCOO sindikatuek babestutako datara batu dira. Euskal sindikatuek greba Euskal Herritik jorratzearen beharra azpimarratu zuten, eta, azkenean, bat egin dute deialdi orokorrarekin.
ELAk greba egun horretan izango dela iragarri du, zuzenean. LABek, bestalde, data hori proposatuko dio bihar, osteguna, bere Nazio Biltzarrari.
Ohar batean adierazi duenez, ELAk adierazi du lanean jarraitzen duela etxebizitzako sindikatuekin eta beste eragile sozial eta sindikalekin “erakunde guztien gaineko presioa handitzeko”. Bereziki, EAE eta Nafarroako erakundeei begira dago zentrala, “hemengo Gobernuek arlo horretan eskumen zabalak baitituzte”.
Sindikatuak gogorarazi du erkidego autonomoek etxebizitzaren gaineko eskumenak dituztela. “Ezin da justifikatu, etxebizitzaren krisi betean ere, egun indarrean diren eskuduntzak behar bezala erabiltzeko aukera ez baliatzea”, kritikatu du.
LABek ere bat egingo du azaroaren 11ko datarekin. Erabakia “eragile sindikal eta sozialekin deialdi bateratuaren alde egindako lanaren ondorioz eta Espainiako Estatuko Maizterren Konfederazioarekin harremanetan egon eta gero” hartu du sindikatuak, eta bihar Nazio Biltzarrari proposatuko dio.
Sindikatu abertzalea ere EAEko eta Nafarroako gobernuei begira jarri da. Esan duenez, “Madrilen posible ez diren aldaketak Euskal Herrian posible dira”.
Bestalde, ESK sindikatuak jakinarazi du bere Batzorde Nazionalak bihar, osteguna, jarriko duela eztabaigaia mahai gainean, "bizitza duinak izateko eskubidearen" alde, "etxebizitza duina izateko eskubidearen alde". Proposamena berretsiz gero, azaroaren 11n greba orokorra deituko du.
Euskal Herriko Etxebizitza Sindikatuek ere azaroaren 11rako deitutako greba orokorrera joango direla iragarri dute, eta deialdian parte hartzeko deia egin diete langileei.
Ohar batean azpimarratu dutenez, sindikatuekin hitz egiten ari dira etxebizitza eskubidearen aldeko greba orokorra antolatzeko.
Azaldu dutenez, mobilizazioetan etxebizitzaren aldeko mugimenduak "paper protagonista" izatea dute helburu, eta, horregatik, ildo horretan lan egingo dute.
Estatu mailako sindikatuek eguna ezarri dute
Asteazken arratsaldean etxebizitzaren aldeko greba orokorraren data baieztatu egin da: azaroaren 11n izango da, sindikatu gehienek proposatzen zuten bezala. UGT, CCOO, CGT, Maizterren Sindikatuen Konfederazioa (CSI), Acción Social de Solidaridad Obrera eta Co.bas sindikatuek egun horretan 24 orduko greba orokorra deitzea adostu dute arratsaldean egindako bileran.
Maizterren Sindikatuen Konfederazioak aldarrikapen nagusi gisa jarri ditu alokairu kontratu mugagabeak, alokairuaren eta etxebizitzaren prezioa "nabarmen jaistea", etxegabetzeak deuseztatzea, etxebizitza parke publikoa finantzatzeko aberastasunaren gaineko zerga ezartzea eta erosketa espekulatiboa desagerraraztea.
CCOO eta UGTk mobilizazioaren irismena lan eta ekonomia aldarrikapenetara zabaldu dute, eta soldatak igotzea, lanaldiak murriztea, langileen osasuna hobetzea eta prekarietatea desagerraraztea eskatu dute. "Greba orokorra higiezinen zekenkeria ase ezinari emandako erantzuna da, herritarren eskubide nagusienetako batekin espekulatzen du eta, hortaz, ia ezinezkoa egiten du gehienek etxebizitza duin bat izatea", dio bi sindikatuek igorritako oharrak.
Hauteskunde orokorren kanpaina hasi baino bi egun lehenago izango da greba orokorra. Hain zuzen ere, Kongresuak etxebizitzaren inguruko dekretuak baliogabetu ondoren deitu zituen hauteskundeak Pedro Sanchezek.