Grebalari bana atxilotu dituzte Iruñeako protesta batean eta Zamudioko pikete batean
Bi lagun atxilotu dituzte gaur goizean, Greba Orokorraren lehen orduetan: bata Iruñeako protesta batean, eta bestea Zamudio eta Derio arteko biribilgune batean egiten ari ziren pikete batean.
Lehen atxilotua goizeko 7:45ak inguruan izan da. Iruñeako Karlos III Etorbideko Caixabank banketxearen aurrean eserialdia egin dute, LAB sindikatuak deituta. Espainiako Polizia Nazionalak bertatik joanarazi ditu protestagileak eta une horretan egin dute atxiloketa.
Sindikatu abertzaleak salatu du poliziak bortizki mugiarazi dituela grebalariak. Protestaren hasieran azaldu dutenez, helburua zen salatzea banku-sektoreak etxebizitzarekin egiten duen espekulazioa. Caixabank aukeratu dute, hain zuzen ere, “espekulazioan etxebizitza kopuru handiena darabilena delako”.
Nafarroako Foru Erkidegoan grebalariek egiten diharduten piketeek zenbait trafiko-eragozpen eragin dituzte Iruñea inguruan: kontenedoreak erre dituzte Mendillorri inguruan, eta N-121-A errepidean, Lesaka eta Elizondo artean, mozketa puntualak egin dituzte, Foruzaingoaren arabera. Bestalde, Iruñeako Udaltzaingoak jakinarazi duenez, zenbait bide moztu dira kontenedoreak eta barandak bota dituztelako.
Zamudioko atxilotua, ospitalean
Bestalde, Zamudioko Parke Teknologikorako sarreran pikete informatiboa egin dute eta, CCOO sindikatuaren arabera, bere ordezkari bat zauritu du gidari batek, eta horregatik protestatu duenean atxilotu du Ertzaintzak.
CCOO sindikatuak baieztatu du ekintza sindikala "baketsua" izaten ari zela, eta erabat informatiboa. Azaldu duenez, gidari bat haserretu egin da abiadura jeitsi behar izan duelako, eta ibilgailuaz eraso egin dio sindikatuko kideari. Hau "kexatu egin da" eta, orduan, ertzainak "oldartu egin zaizkio, lurrera bota dute, eskuburdinak jarri eta atxilotu egin dute".
Ordezkari sindikala Gurutzetako ospitalera eraman dute, eta bertan dago atxilotuta. Bien bitartean, Bilboko Ertzainetxera joan dira, abokatu batek lagunduta, zer egozten dioten jakin nahian.
Sindikatuak salatu duenez, Ertzaintza "neurri gabe" ari da piketeen aurka goizean goizetik. Adierazi dute Gasteizen ere pikete baten kontra kargatu dutela, "erabat lekuz kanpo dagoen indarkeria erabili dute" grebalariak "bultzatuz eta joz".