Kanpaldia bertan behera uztea erabaki dute Bartzelonako 'suminduek'
Bartzelonako 'suminduek' Katalunia plazan egindako kanpaldiari amaiera ematea erabaki dute. Hala ere, datozen egunotan hainbat ekitaldi eta aldizka batzarrak egiten jarraituko dute. Igande gaueko biltzarra eta gero hartu dute erabakia, kanpaldia bertan behera uzteko eguna zehaztu ez badute ere.
Biltzarkideek aitortu dutenez, "kanpaldietan gero eta gazte kopuru gutxiago eta aniztasun txikiago daude, kanpaldia eta eguneroko bizitza bateragarria ez delako". Gainera, zenbait arazo eta liskar izan direla baieztatu dute. Halaber, hainbat "suminduk" osasun arazoak izan dituzte, "epe luzera plazan egotea zaila delako, garbitasun, segurtasun eta erosotasun arazoak direla eta".
Batzarrean adostutako dokumentuan, "baldintza egokiak dituen eta berez kudeatu daitekeen esparru zabal bat uztea" eskatu diete Udalari nahiz Generalitateari.
Manifestazioa Bizkaian
Halaber, Bizkaiko "Benetako Demokrazia Orain" taldeak manifestazioa deitu du ekainaren 19rako, egungo klase politikoa eta "biztanleak txiro bihurtzeko" Bankaren neurriak salatzeko asmoz. Egun berean Estatu mailan izango diren beste manifestazioei babesa eskaintzea izango da "sumindu" bizkaitarren helburua.