Gizon bat hil da Frantzian Shamonda birusak jota; gaitz horrek eragindako lehen biktima da
Gaixoa Lyongo ospitale batean ingresaturik zegoen, eta immunodepresio larria zuen. Agintariak kasua ikertzen ari dira; momentuz, baina, baztertu egin dute herritarrentzat osasun-arriskurik dagoenik.
Gizon bat hil da Frantzian Shamonda birusaren ondorioz, agintariek jakinarazi dutenaren arabera. Eltxoek transmititzen dute birusa, eta behi, ardi eta ahuntzei kutsatzen diete. Izan ere, orain arte uste izan da gizakiek ezin zutela gaitza harrapatu. Frantziako Osasun eta Nekazaritza ministerioek ostegunean jakitera eman dutenaren arabera, dokumentatu eta jakinarazi den lehen giza kutsatzea da.
Hildako gaixoa Lyongo ospitale batean zegoen, eta immunodepresio larria zuen. Frantziako bi ministerioetako komunikatuaren arabera, hil aurretik garuneko konplikazioak garatu zituen, eta, lehen ikerketen arabera, ziurrenik infekzioarekin lotuta leudeke. Agintariek dagoeneko martxan jarri dituzte azterketa kliniko, biologiko eta epidemiologikoak, kasuaren nondik norakoak argitzeko.
Nolanahi ere, Frantziako osasun arduradunek nabarmendu dute herritarrek ez dutela "osasun arriskurik". Mahai gainean dagoen hipotesi nagusia da gizakiak Culicoides generoko intsektu baten ziztadaren bidez hartu zuela birusa Frantzia ekialdean, 2026ko udaberrian eta udan animaliek birusaren zirkulazioa zutela jakinarazi zen eremuan, hain zuzen.
Zer da Shamonda birusa?
Shamonda RNA monokatenarioko birus bat da, Orthobunyavirus generokoa, batez ere aziendari eragiten dio eta eltxo txikien bidez transmititzen dena (Culicoides generoko intsektuak).
Shamonda birusa lehen aldiz Nigerian atzeman zen, hirurogeiko hamarkadaren erdialdean, eta, 2026ra arte, tarteka azaldu izan da Afrika mendebaldeko, ekialdeko eta hegoaldeko hainbat eskualdetan, baita Japonian ere. Shamonda-Europe izeneko aldaera aurtengo udan detektatu da lehenengoz Europa erdialdean.