Hilketa matxista gisa baieztatu dute Madrilen emakume bat labankadaz hil izana; beraz, 43 dira 2026an hildakoak
Aurten Espainiako Estatuan gertatutako hilketa matxisten biktimen % 72,1ek ez zuten salaketarik aurretik jarrita. Berdintasun ministroak beste alde batera ez begiratzea eskatu du.
Espainiako Gobernuko Berdintasun Ministerioak baieztatu du hilketa matxista izan zela joan zen asteartean Madrilen labankadaz hil zuten emakumearen kasua. Beraz, aurten 43 dira genero-indarkeriagatik hildako emakumeak; 2003an datuak biltzen hasi zirenetik, aldiz, 1.384 emakume hil dituzte.
Ana Redondok zuzentzen duen Ministerioak jakinarazi duenez, azken biktima 52 urteko emakume bat da eta urriaren 20an hil zuen, ustez, bere bikotekideak. Biktimak ez zuen adin txikiko seme-alabarik, eta ez zegoen ustezko erasotzailearen aurkako genero-indarkeriagatiko salaketarik.
Ana Redondo Berdintasun ministroak "negazionismoaren aurrean beste aldera" ez begiratzeko eskatu du X sare sozialean.
Erkidegoz erkidego begiratuta, aurten hilketa matxista gehien Andaluzian gertatu dira; 12, zehazki. Atzetik datoz Valentziako Erkidegoa eta Madril, seirekin; Katalunia eta Gaztela-Mantxa, hirurekin; Aragoi, Kanariar Uharteak, Kantabria eta Nafarroa, birekin; eta Asturias, Gaztela eta Leon, Extremadura, Galizia eta Murtzia, bakarrarekin.
Genero Indarkeriaren aurkako Gobernu Ordezkaritzak emandako datuen arabera, guztira, indarkeria matxistaren 43 kasuetatik 31k (% 72,1) ez zuten salaketarik jarri, eta horietako hamarretan (% 23,3) ustezko erasotzaileak bere buruaz beste egin zuen krimena egin ondoren.
Tratu txarrak pairatzen badituzu edo kasuren bat ezagutzen baduzu, kontuan hartu gida honetako aholkuak eta/edo deitu doako telefono hauetako batera: 900 840 111 (Euskadiko telefonoa), 016 (Espainiako Estatuko telefonoa) edo 3919 (Iparraldeko telefonoa, 24 orduz martxan, igande eta jaiegunetan izan ezik, 09:00etatik 18:00etara). Ez dute arrastorik uzten fakturan, baina bai telefonoan bertan; beraz, gogoratu ezabatzeaz.