30 hildakok Diru-sarrerak Bermatzeko Errenta kobratzen zuten EAEn
Gemma Zabaleta Eusko Jaurlaritzaren Enplegu eta Gizarte Gaietarako sailburuak jakinarazi duenez, duela gutxi egin duten azterketa bati esker, 30 hildakok Diru-sarrerak Bermatzeko Errenta kobratzen zutela jakin dute.
ETBko 'Egunon Euskadi' saioan egin dioten elkarrizketa batean azaldu duenez, laguntza horiek emateko sistema "gardena eta prestigioduna" izatea da bere helburua, "jendeak iruzurrik ez dagoela jakin dezan".
Horretarako, sailburuak adierazi du "lehenengo pausoa" Diru-sarrerak Bermatzeko Errenta kobratzen duten 55.000 pertsonekin harremanetan jartzea izan zela. Gutun ziurtatuak bidali zituzten eta 7.006 ez omen ziren iritsi, eta 30ek, hil ostean, laguntza jasotzen jarraitzen zutela ohartu ziren.
Zabaletaren arabera, "gauzak bere tokian jarri behar dira, espediente bakoitzak identifikagarria den pertsona bat izan behar du atzean".
Diru-laguntzak modu desegokian jaso dituzten familien harira, sailburuak argi adierazi du "legeak modu txarrean jaso diren baliabide horiek berreskuratzeko aukera" ematen duela.