KONTZILIAZIOA

Gorde
Kendu nire zerrendatik

Baimen-egun gehiago zainketa, jaiotza edo heriotza kasuetan: Espainiako Gobernuaren azken dekretuaren xehetasunak

Hainbat lan-baimenen egun kopurua areagotzea onartu dute gaur, hauteskundeen aurreko azken Ministroen Kontseiluan. Baimen berriak ere sartu dituzte, eutanasia edo zaintza aringarrien kasuetarako. Diputazio Iraunkorrak onetsi beharko ditu neurriok, eta hor erabakigarria izango da EAJ-PNVren botoa. 

(Foto de ARCHIVO)

Mujer con su bebé



REMITIDA / HANDOUT por VITHAS

Fotografía remitida a medios de comunicación exclusivamente para ilustrar la noticia a la que hace referencia la imagen, y citando la procedencia de la imagen en la firma

14/1/2026

Ministroen Kontseiluak lege-dekretu bat onartu du astearte honetan, hainbat lan-baimenetan egun kopurua handitzeko . Neurria datorren astean berretsi beharko dute Diputazio Iraunkorrean. 

Heriotzak, zainketa aringarriak eta eutanasia

Gehien hobetu den baimenetako bat dolu-baimena da: bi egunekoa da gaur egungo baimena, eta aurrerantzean hamar egunekoa izango da. Heriotza gertatu eta lau asteko epe barruan hartu ahal izango dituzte ezkontideek, izatezko bikotekideek eta lehen mailako odol-ahaidetasunezko senitartekoek. Gainerako senideentzat, doluagatiko baimena 2 egunetik 3 egunera igoko da. 

Gainera, eutanasia erabiltzen duten edo zainketa aringarrietan dauden pertsonen senideentzako baimen berriak aurreikusi dituzte. 

Horrela, eutanasian laguntzeko baimenak ordaindutako egun bat emango die hiltzeko laguntza jasotzen duenarekin batera egoteko izendatutako pertsonei. 

Zainketa aringarrien kasuan, senitartekoren bat zaindu behar dutenek lanaldia egokitzea edo murriztea eskatu ahal izango dute, kotizazioak murriztu gabe. Aukera hori ezkontideen, izatezko bikoteen edo bigarren mailarainoko odol-ahaidetasuna duten senideen eskura egongo da. 

Jaiotza, adopzioa eta harrera

Jaiotza eta zaintzagatiko baimena  19 astetik 20 astera igaroko da guraso, adoptatzaile, zaintzaile edo hartzaile bakoitzarentzat. Baimen hori jarraian edo etenda hartu ahal izango dute, adingabeak zortzi urte bete arte. Guraso bakarreko familien kasuan, 34 aste  izango da (orain arte 32 ziren), eta aurreko kasuan bezala, baimenaren zati bat haurrak 8 urte bete arte gorde ahal izango da. 

Harrerako adingabeak hartu eta lanaldi osoan zaintzen dituztenek, zaintza horiengatik laguntza ekonomiko bat jasotzen dutenean, hitzarmen berezi bat sinatu ahal izango dute Gizarte Segurantzarekin. Horrela, kotizatu ahal izango dute eta prestazioak jaso ahal izango dituzte. 

Onarpena, EAJren esku 

Neurri sorta astearte honetan onartu du Ministroen Kontseiluak, azaroaren 29ko hauteskunde orokorren aurreko azken batzarrean, eta bezperan iragarri dute sare sozialetan Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidenteak eta Yolanda Diaz presidenteorde eta Lan ministroak.

Hala ere, etxebizitza dekretuekin gertatu zen bezala, Diputazio Iraunkorrak neurria berretsi beharko du. Onarpena EAJ-PNVren botoaren araberakoa izango da. 

Ziurtzat jotzen da ezkerreko alderdiek alde bozkatuko dutela: PSOEk (25 diputatu) eta Sumarrek (6) ez ezik, baita ERCk (1), EH Bilduk (1) eta Talde Mistoa-Podemosek (1) ere aldeko botoa emango dutela, eta 34 diputatu dituzte guztira, PPren (27) eta Voxen (6) 33 diputatuak baino bat gehiago, hain zuzen ere. Beste bi ordezkari daude: Junts per Catalunya eta EAJ-PNV, eta horien esku dago balantzak alde batera edo bestera bira egitea. Euskal Taldeak ez du argitu zein izango den bere botoa,  baina erabakigarria izango da neurriak onartzeko edo bertan behera uzteko.

Diputazio Iraunkorrak datorren asteko ostegunean bozkatuko du dekretua, hauteskunde-eguna igarota. 

Sanchezek, Diazek eta sindikatuek neurriak ospatu dituzte

2025eko udan, Gobernuak hiru astez luzatu zuen jaiotzagatiko eta seme-alabak zaintzeagatiko baimena 19 astera arte, eta betetzat jo zuen zaintzari buruzko Europako zuzentarauaren transposizioa. Lan Ministerioko iturriek gogorarazi dutenez, luzapen horren araudian baimen hori 20 astera arte luzatzeko konpromisoa jaso zuten.

"20 astera iristeko konpromisoa bete dugu, gurasoek haurrak zaindu ditzaten eta familiako unerik garrantzitsuenetakoaz goza dezaten", nabarmendu du Sanchezek X sarean.

"2018an, amek 16 aste zituzten, eta aitek 5. Gaur biek denbora bera izango dute, haztea bien kontua baita", gaineratu du Diazek Blueskyn, eta gogora ekarri du hamarkadetan zehar ume bat izatea euren karreraz ordaindu dutela emakumeek.

CCOO eta UGT sindikatuek pozik hartu dituzte neurriak, eta patronalak, ostera, ez du adierazpenik egin. 

Zure interesekoa izan daiteke

Gehiago ikusi
Publizitatea
X