Haurra hiltzea egotzita, kartzelara bidali dute haren ama Asturiasen
Aste honetan 54 eguneko haur bat hil zen Asturiasen, ustez gurasoek emandako tratu txarren ondorioz, eta gaur epaileak kartzelara bidali du ama, hilketa delitua egotzita. Bestalde, aita karguekin aske gelditu da, eta hamabost egunero sinatzera joan beharko du epaitegira.
Bi orduz deklaratu dute haurraren gurasoek epailearen aurrean, Asturiasko Auzitegi Nagusiko iturriek jakinarazi dutenez. Epaileak behin behinean kartzelara bidali du haurraren ama, fidantzarik gabe. Bi delitu egotzi dizkio epaileak: hilketa eta lesioak eragitea. Emakumearen abokatuak helegitea aurkeztuko du.
Urtarrilaren 10ean jaio zen haurra, eta gurasoek Gijongo ospitalera eraman zuten martxoaren 5ean gorputzean zituen lesioak sendatzeko. Zaurien larritasuna ikusita, handik Oviedora eraman zuten haurra osasun langileek, baina astearte honetan hil egin zen ospitalean bertan.
Poliziak asteartean atxilotu zituen bigarren aldiz gurasoak, haurra hil eta gero. Aurrez, haurra Oviedon ospitaleratu zutenean, atxilotu egin zituzten gurasoak, baina Oviedoko 4. zenbakiko instrukzio epaitegiak behin behinean aske utzi zituen martxoaren 7an.
Halaber, behin behinean beste bi haurren zaintza kendu zion epaileak amari, eta ezingo du ez beraiengana hurbildu, ezta beraiekin harremanetan jarri ere. Epaileak haurren zaintza kendu zion aitari ere.
Haurraren gurasoek ez dute aurrez tratu txarrak emateagatik salaketarik izan.
Zure interesekoa izan daiteke
Bengoetxea: "Epaia sakon aztertuko dugu, helegitea aurkeztu edo ez erabaki eta moldatzen ari garen dekretua hobetzeko"
Oporrak baimenik gabe 17 egunez luzatu zituen langile baten kaleratzea berretsi du Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiak