Bi pertsona atxilotu dituzte Galdakaon puntzoi batekin eta metalezko barra batekin beste biri eraso egitea egotzita
Atxilo hartutakoak 56 urteko gizon bat eta 44 urteko emakume bat dira, hainbat aurrekari zituztenak. Biktimak, 53 urteko gizaseme bat eta 50 urteko emakume bat, ospitalera eraman zituzten.
Ertzaintzak 56 urteko gizon bat eta 44 urteko emakume bat atxilotu zituzten atzo arratsaldean Galdakaon (Bizkaia), beste bi pertsonari puntzoi batekin eta metalezko barra batekin eraso egitea leporatuta. Biktimak ospitalera eraman behar izan zituzten, Segurtasun Sailak ohar baten bidez jakinarazi duenez.
Iturrion arabera, gertakariak 16:15ean jazo ziren, Galdakaoko parke batean. Udaltzaingoak laguntza eskatu zion Ertzaintzari, bikote bat larri zauritu zutela eta. Horietako batek objektu zorrotz batekin egindako zauriak zituen.
Bertaratutako ertzainek egiaztatu ahal izan zutenez, bi erasotzaileak parkera joan ziren eta gizon bati puntzoi batekin eraso zioten. Berarekin zegoen emakumeak gizona defendatzen saiatu zenean, metalezko barrarekin jo zuten buruan. Segidan, barra hori bera erabili zuten gizonari eraso egiteko. Puntzoia handik gertu topatu zuten agenteek.
Erasotzaileek ihes egin zuten, baina handik minutu batzuetara aurkitu zituzten. Ustezko erasotzaileetako bat, 56 urteko gizasemea, aurrez 25 aldiz atxilotua zuen Ertzaintzak, eta 44 urteko emakumea, 13 aldiz. Biei lesio larrien delitua egotzi diete.
Biak ala biak ertzain etxera eraman zituzten, eta beharrezko eginbideak bukatuta, epailearen esku utziko dituzte.
Biktimak, 53 urteko gizon bat eta 50 urteko emakume bat, ospitalera eraman zituzten.