Manifestazio jendetsuak espero dira berriro Ipar Euskal Herrian eta Frantziako estatuan
Ipar Euskal Herrian bezala, Frantziako estatuan manifestazio jendetsuak espero dira gaur erosahalmenaren galera salatzeko eta kalitatezko zerbitzu publikoak aldarrikatzeko, besteak beste. Frantziako estatuan 'txaleko horiek' egin dute deialdia, eta intersindikalak, Ipar Euskal Herrian. Aurreko asteburuetako triskantza saihesteko, Barne Ministerioak 70.000 agente jarriko ditu kalean, eta Irungo mugan kontrolak ezarri.
Protesten ingurumari honetan, Ekonomia Ministerioak urteko hirugarren hiruhilekoaren datuak eman ditu, eta Frantziako ekonomia atzeraldiaren atarian dagoela jakinarazi du. Izan ere, BPGak hamarren bat egin du atzera.
Manifestazioei dagokienez, Baionakoak jaso du azkenean Prefeturaren baimena. 14:00etan da hitzordua. Martxa debekatzeko aukera mahai gainean izatea "joko arriskutsua" dela ohartarazi du intersindikalak, aurreko asteburuan antzeko jarrera izan zuelako eta istiluak izan zirelako. Hain zuzen ere, urriaren 24ako manifestazioan izandako "polizia gehiegikeria" salatu du CGT sindikatuak, prentsaurrekoan. Agerraldian "Poliziaren indarkeriaren biktima" izan zen gazte baten lekukotza jaso du sindikatuak, eta gazteak auzitara joko duela jakinarazi du. "Ez nuen legez kanpoko ezer egin, lurrera bota ninduten, astindu, arrastaka eraman... Hortik dut seguruenik lepauztaiaren zauria. Burua odoletan izan nuen eta lau puntu jarri zizkidaten", kontatu du.
Lapurdiko hiriburuan segurtasun neurri zorrotzak jarri dituzte, eta aurreko larunbatean bezala, Irungo mugan —Biriatun eta Behobia, Avenida eta Santiago zubietan— kontrolak jarriko dituela iragarri du Frantziako Poliziak (06:30etik 14:30era). Horrekin lotuta, Irungo Udala Jaurlaritzari zuzendu zaio Frantziako Gobernuari eska diezaion kontrolok bertan behera uzteko. Izan ere, urriaren 24an ilara luzeak sortu ziren Baionako noranzkoan, AP-8an ez ezik, inguruko errepideetan ere. Gaur, oraingoz, ez da aparteko arazorik sortu.
Frantziako Estatuan dozenaka dira deitutako manifestazioak. Parisko erdigunean egitekoa zena, baina, debekatu berri du Frantziako Estatu Kontseiluak. Goi erakundeak argudiatu du arpilatzeak eta istiluak egoteko "arrisku handia" dagoela eta Paris kanpoaldean beste ibilbide bat egiteko proposamena helarazi die deitzaileei. 'Txaleko horiak' eta ikasle sindikatuak bilduta daude "protesta egiteko eskubidea urratzeko saiakera honi nola erantzun" erabakitzeko.
Debekuaz gain, atzotik etxeratze agindua dago ezarrita Errepublika Plazan eta Les Halles inguruan. 21:00etatik, adingabeak ezingo dira bakarrik ibili hiriburuko hainbat auzotatik.
Frantziako Gobernuak 70.000 agenteko dispositibo zabala jarri du martxan, eta errepideetan eta tren geltokietan kontrolak ezarriko ditu.