Milaka lagun bildu dira berriro Baionan, bizitzaren garestitzearen kontrako manifestazioan
Pirinio Atlantikoetako prefetak jakitera eman duenez, 4.500 inguru elkartu dira bigarrenen asteburuz jarraian Lapurdiko hiriburuan. Tentsio une batzuk izan dira Suprefeturaren atarian eta Herriko Etxearen inguruan, eta, gutxienez, hiru lagun atxilotu dituzte.
Milaka lagun, 4.500 pertsona inguru Pirinio Atlantikoetako prefetaren arabera, elkartu dira bigarren larunbatez jarraian Baionan, bizitzaren garestitzeagatik Frantziako Estatu osoan egiten ari diren mobilizazioekin bat eginez.
Sindikatuek deituta, 14:00etan abiatu da manifestazioa Lapurdiko hiriburuko erdigunetik.
Une batean, A63 errepideko sarbidera hurbildu dira manifestariak, aurreko larunbatean bezala (bi orduz itxita egon zen 6. irteera), baina polizia andana zegoen gaurkoan inguruetan zain, eta gorabehera batzuk izan ondoren, manifestariek Baiona erdialdera jarraitzea erabaki dute.
Protestarietako batzuk Baionako Suprefetura aurrera joan dira, eta tentsio uneak izan dira bertan; izan ere, manifestari batzuek harriak jaurti dituzte eta negarra eragiteko gasa jaurtiz erantzun diete poliziek. Euskadi Irratiak jakin ahal izan duenez, pertsona bat atxilotu dute.
17:00ak aldera, istiluak izan dira Herriko Etxearen inguruetan ere, eta hiru pertsona atxilotu dituzte.
Auto-ilara luzeak Irunen
Goizean, auto-ilara luzeak izan dira Irunen, Baionarako noranzkoan, Poliziak jarritako kontrolak direla eta. 06:30ean hasi dira kontrolak egiten, eta goizak aurrera egin ahala, ilara luzeagoak izan dira: 13:30ean, 5 kilometrokoak ziren AP-8an, eta Gi-636 eta N-121-A errepideetan oso geldoa zen zirkulazioa.