Gizon bat atxilotu dute Urduñan, beste bati eraso egin eta begian lesio larriak eragiteagatik
Atxilotuak ustez metalezko objektu batekin eraso zion biktimari, eta zauriak eragin zizkion aurpegian, batez ere ezkerreko begian. Hori dela eta, zauritua Gurutzetako Ospitalera eraman zuten, anbulantzian. Atxilotua kartzelara bidali dute.
32 urteko gizon bat atxilotu dute Urduñan (Bizkaia), lesio-delitu bat egotzita, Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak ohar baten bidez jakitera eman duenez.
Gertakariak ostiral goizaldean jazo ziren. Ertzaintzak abisu bat jaso zuen, gizon bati eraso egin ziotela esanez. Bertara joan ziren agenteek kalean topatu zuten biktima, 44 urteko gizon bat, atari batetik atera ondoren. Inguruetan, odol arrastoak eta kalte materialak zeuden altzarietan.
Etxebizitzaren ondoan, odol arrastoak zituen metalezko barra bat eta labana bat aurkitu zituzten, biktima zegoen tokitik gertu.
Agenteak etxe batera sartu ziren, eta ustezko erasotzailea bertan aurkitu ostean, identifikatu eta atxilotu egin zuten. Aurretik ere izan omen ditu istiluak biktima berarekin, eta eraso ere egin izan dio.
Antza denez, atxilotuak metalezko objektu batekin eraso omen zion biktimari, eta aurpegian zauriak eragin zizkion, batez ere ezkerreko begian. Hori dela eta, zauritua Gurutzetako Ospitalera eraman zuten anbulantzian.
Atxilotua epailearen esku utzi zuten atzo, eta espetxeratzeko agindua eman zuen.
Atxilotuak polizia-aurrekariak ditu, eta aurretik bi aldiz atxilotu du Ertzaintzak.