Eroskik Ricotta saltsa sorta bat erretiratu du, beira zatiak aurkitu baititu
Eroski Taldeak Ricotta saltsaren pote-sorta bat erretiratu du salmentatik, beira zatiak atzeman eta gero. Elikagaien Segurtasuneko eta Nutrizioko Espainiako Agentziak (AESAN) alerta bat igorri du, Nafarroako Foru Erkidegoko osasun-agintarien jakinarazpena jaso ondoren.
Agentziak gomendioa egin du, produktu hori etxean dutenek ez dezaten kontsumitu. Eroski Taldeak jakinarazi duenez, horrelako bat erosi dutenek edozein dendatan itzul dezakete.
AESANen arabera, informazio hori autonomia-erkidegoetako agintari eskudunei helarazi die, Informazioa Azkar Trukatzeko Sistema Koordinatuaren (SCIRI) bidez, kaltetutako produktuak merkaturatze-kanaletatik erretiratu direla egiazta dadin.
Eragindako lotea
Erretiratu duten produktua Ricotta saltsa da, EROSKI markakoa eta 350 gramoko beirazko potoetan merkaturatutakoa. LA310CRI01 loteko potoak erretiratu dituzte, eta iraungitze-data 2028ko azaroaren 6a dute.
Eroskik jakinarazi duenez, GUSTIBUS ALIMENTARI SRL UNIPERSONAL enpresak egindako produktua da, eta gaineratu du izen bereko beste saltsa batek (8480010310078 kodea du eta IAN SA enpresak egiten du) ez duela inolako arazorik.