Frankismoan polioak jotakoen 40.000 kasu ikertuko ditu Euskadik
Proiektua 2027an jarriko da martxan, eta ikerketa historiko bat eta testigantzen bilketa uztartuko ditu. Polioaren txertoa 1955etik aurrera hasi ziren ematen, "baina Espainia frankistan erregimenaren zabarkeriak kanpaina masiboak atzeratu zituen".
Poliomielitisaren aurkako txertoa, frankismoan. Argazkia: Madrilgo Erkidegoko Eskualdeko Artxiboa
Gogora Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Institutuak ikerketa-proiektu bat jarriko du abian frankismo garaian polioak jotako 40.000 pertsonen memoria historikoa berreskuratzeko asmoz.
Proiektu honetan, Eginaren Eginez elkarteak parte hartuko du, Euskadin poliomelitisak jo zituen pertsona asko biltzen dituena. Poliomielitisa polioaren birusak eragindako gaixotasun oso kutsakorra da. Ez du sendabiderik, baina txertoa jarrita prebeni daiteke. Horri esker, gaur egun kutsatzea ia erabat desagerrarazi da mundu osoan.
Polioaren kontrako txertoa 1955etik aurrera hasi ziren ematen mundu osoan. Espainia frankistan, ordea, "erregimenaren zabarkeriak 8 urte baino gehiagoz atzeratu zituen txertaketa-kanpaina masiboak", eta 40.000 haur baino gehiago "kutsatzea eragin zuen, baita Euskadin ere", Gogoraren arabera.
Proiektua 2027an jarriko da martxan, eta ikerketa historiko bat eta testigantzen bilketa uztartuko ditu.
Ekimen honekin, Gogorak Eusko Jaurlaritzak hartutako konpromisoa bete nahi du, Euskadiko Memoria Historiko eta Demokratikoaren Legean jasotakoa. Gogorak nabarmendu duenez, "sufrimendu bidegabe baten biktima dira, jasan behar izan ez zutena, jaso ezin izan zuten txerto bat zegoelako".