Nafarroa eta EAE, bizi-kalitate handiena duten erkidegoen buru
Nafarroa da bizi-kalitate onena duen Estatuko autonomia erkidegoa. Euskal Autonomia Erkidegoa hirugarren postuan dago; eta bien erdian Errioxa ageri da.
Estatistikako Institutu Nazionalak (INE) ostiral honetan argitaratu ditu espainiar Estatuko 2025eko bizi-kalitateari buruzko datuak, eta Hego Euskal Herriko lurraldeak beste behin ere zerrendaren lehen postuetan ageri dira Errioxarekin batera, hau da, bizi-kalitate onena dutenak dira.
Nafarroa da erkidego guztietatik kalitaterik handiena duen erkidegoa. Bigarren postuan Errioxa dago eta hirugarrenean Euskal Autonomia Erkidegoa. 2024an ere erkidego horiek ageri ziren lehen hiru postuetan.
INEk bizitzako hainbat alderdi hartu ditu kontuan neurketa hori egiteko, besteak beste, osasuna, hezkuntza, aisialdia, segurtasun fisikoa eta abar.
Aisia, ingurumena eta hezkuntza, ondoen baloratutako alderdiak
Nafarroan aisialdia eta harreman sozialak, ingurunea eta bizitzaren esperientzia orokorra dira puntuaziorik altuena ateratzen duten gaiak. Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, aldiz, daturik onenak bizitza baldintza materialean eta hezkuntzan lortu dira.
INEren datu orokorren arabera bizi-kalitateak gora egin du apur bat Estatu espainiarrean 2025ean eta 101,74 puntutan kokatu da, aurreko urteko 101,43en aldean.
Igoera hori posible izan da bizi-, lan-, osasun-, hezkuntza- eta ingurumen-baldintza materialak eta bizitzaren esperientzia orokorra hobetu direlako. Kontrara, okerrera egin dute aisiaren eta gizarte-harremanen dimentsioak eta segurtasun fisiko eta pertsonalaren arloak.
Halaber, datuek erakusten dute gizonek (102,48 puntu) emakumeek baino bizi-kalitate handiagoa daukatela (100,59). Emakumeek maila handiagoak dituzte hezkuntzan eta bizi-esperientzia orokorrean; gizonek, aldiz, segurtasun fisikoan eta pertsonalean eta ingurumenean.
Institutuak nabarmentzen duen beste datu bat da bizi-kalitateak balio handiagoak dituela espainiar naziotasuna dutenentzat (102,76 puntu) Europar Batasuneko atzerritarrentzat (101,48) eta munduko gainerako herrialdeetakoentzat (97,28) baino.