251 postu izango dira astelehenean Gernikan
Dena prest Gernikako Urriko Azken Astelehenerako: 251 postu izango dira aurten euskal nekazaritza azoka garrantzitsuenetako batean.
Gernikako Urriko Azken Asteleheneko artxiboko irudia. Argazkia: Europa Press
Gernika-Lumoko egunik handienetakoaren atarian gaude: urtero bezala, urriko azken astelehenean nekazaritza azoka izango da, Euskal Herriko handienetakoa. Urriaren 26an, 251 postu bilduko ditu.
Gazta da azokako produkturik aipagarrienetakoa, eta entzutetsua izaten da lehiaketako gazta irabazlearen enkantea. 42 postutan salduko dute gazta.
Horrez gain, bestelakoak eskainiko dituzte bertako postuetan: kontserbak (10), barazkiak (9), fruta (6), pateak (6), esnekiak (5) eta loreak (2). Halaber, bisitariek sagardoa (6) eta txakolina (16) ere erosi ahalko dituzte. Gainera, artisau-postuak (56) egongo dira, baita erroskillak saltzekoak eta txosnak ere. Bertsolariak ere izango dira.
Bestalde, 80 pertsona baino gehiago izango dira jai-esparrua zaintzen, Gurutze Gorriko kideak, Ertzaintza eta Udaltzaingoaren agenteak eta suhiltzaileak tartean. Egunean zehar, harrera egingo diete Toro (Zamora), Alconchel (Badajoz) eta El Burgo Ranero (Burgos) udalerrietako alkateei.
Zesta-punta arratsaldean
Udalak Lekerika eta Barandika puntistak omenduko ditu, munduko txapelketa irabazi baitute, baita enpresa batzuk ere, egindako lan solidarioa eskertzeko.
Arratsaldean, bi partida jokatuko dira Gernika Jai Alai Winter Series txapelketa hasteko. Lehenengoan, Urreisti eta Atain Goitia eta Oyhenarden aurka arituko dira; bigarrenean, Erkiagak eta Salegik Goixerri eta Lekerika izango dituzte aurkari.