Yoanna Acedo izan dute gaur gogoan Zarautzen, bikotekideak hil eta urtebetera
Udaletxeko bilkuren aretoan egin diote omenaldia indarkeria matxistaren biktimari. Merchek, Yoannaren amak, babesa eskertu eta "familiak justizia egitea" behar duela azpimarratu du.
Zarauzko Udalak omenaldi sentitua egin dio gaur Yoanna Acedo herrikideari, iazko urrian bikotekideak hil zuen emakumeari. Urtemuga baliatuta, Udaleko Berdintasun Sailak antolatu du omenaldia, familiarekin elkarlanean.
Ekitaldia udaletxeko osoko bilkuren aretoan egin dute, biktimaren senide eta lagunak bertan zirela. Udalak ohar bidez jakinarazi duenez, ekitaldiaren helburua izan da "Yoannaren oroimena bizirik mantentzea eta Zarauzko emakume bat bizitokian bertan erail zutela gogoraraztea".
Merchek, Yoannaren amak, oso hunkituta jaso du gertukoen babesa. Jendaurrean egindako hitzaldi labur batean azaldu duenez, familiak "justizia egitea" behar du, eta "Yoannaren alde borrokan" jarraituko du. "Gure abokatuarengan eta justizian konfiantza osoa daukat", erantsi du. Azkenik, jasotako "babesa eta maitasuna" eskertu ditu, baita "Yoannaren oroimena bizirik mantentzen laguntzea ere".
Zarauko Udalak oharrean nabarmendu du lanean jarraituko duela "eremu guztietatik gure gizartean errotuta jarraitzen duen matxismoa desagerrarazteko, indarkeria matxista mota guztien oinarria baita".
"Yoanna Acedo gogoratzea, halaber, Zarautzek berdintasunarekin eta emakume izateagatik beldurrik ez izan eta indarkeriarik jasan behar ez duen gizarte batekin duen konpromisoa berrestea da. Bere memoriak presente jarraitu behar du, eta bultzada gisa balio behar du elkarrekin lan egiten jarraitzeko, indarkeria matxistaren sustraiak desagerraraztea ahalbidetuko duen eraldaketa sozial baten alde", adierazi du Gloria Vazquez Berdintasun zinegotziak.
Yoannaren ustezko hiltzailea espetxean dago, behin-behinean, epaiketaren zain (oraindik ez dago datarik). Aurrekariak zituen indarkeria matxistarengatik.