MOBILIZAZIOAK
Gorde
Kendu nire zerrendatik

12 atxilotu Baionan, bizitzaren garestitzea salatzeko protesten hirugarren larunbatean

3.000 lagun inguru bildu dira Lapurdiko hiriburuan. Une batean, istiluak izan dira San Izpiritu zubiaren inguruan, eta gutxienez 12 pertsona atxilotu ditu Poliziak.

Baionako manifestazioan erakutsi duten karteletako bat. EITBren bideo batetik hartutako irudia.

3.000 lagun inguru bildu dira larunbat honetan Baionan, "Gazteria sustengatu - Zerbitzu publikoen alde - Bizitzaren garestitzearen aurka" lelopean, CGT, LAB, Unsa eta Solidaires sindikatuek urriaren 31 honetarako deitutako manifestazioan.

Parte hartzea aurreko larunbatean baino zertxobait apalagoa izan den arren, gaur ere jendetza bildu da Baionako kaleetan, bizitzaren garestitzearen aurka protesta egiteko.

14:00etan abiatu den martxan, lelo eta pankarta ugari ikusi dira adin guztietako manifestarien eskuetan.

Aurreko asteburuan izan ziren istiluen modurik ez izateko, segurtasun neurri zorrotzak jarri dituzte Lapurdiko hiriburuan, eta debekatuta izan da udaletxe zein suprefeturaren aurrean elkarretaratzeak egitea. Une batean, hala ere, istiluak izan dira San Izpiritu zubian, eta Poliziak gas negargarria jaurti die manifestariei. Euskadi Irratiak jakin duenez, 12 lagun atxilotu dituzte.

Gaurko mobilizazioa hasi baino lehen, urriaren 24ko manifestazioan izandako "polizia gehiegikeriak" salatu ditu CGT sindikatuak, prentsaurrekoan. 11 lagun atxilotu zituzten orduan. "Poliziaren indarkeriaren biktima" izan zen gazte baten lekukotza jaso du sindikatuak agerraldian, eta gazteak auzitara joko duela jakinarazi du. "Ez nuen legez kanpoko ezer egin, lurrera bota ninduten, astindu, arrastaka eraman... Hortik dut seguruenik lepauztaiaren zauria. Burua odoletan izan nuen eta lau puntu jarri zizkidaten", kontatu du. 

Bestalde, Poliziak kontrolak jarri ditu berriz ere Irungo mugan —Biriatun eta Behobia, Santiago eta Etorbide zubietan— 06:30etik 14:30era. Horien aurrean, Irungo Udala Eusko Jaurlaritzari zuzendu zaio Frantziako Gobernuari eska diezaion kontrolak bertan behera uzteko; izan ere, urriaren 24an ilara luzeak sortu ziren Baionako noranzkoan, AP-8an ez ezik, baita inguruko errepideetan ere. Gaur ez da aparteko arazorik izan.

Zure interesekoa izan daiteke

Gehiago ikusi
Publizitatea
X