70 lagun etxetik kanpo Bermeon, azken urteotako suterik larrienean
Dozenaka lagun euren etxeetatik atera behar izan dituzte ostegun honetan Bermeon, Alde Zaharrean piztutako sute handi baten ondorioz. Bermeoko Udalak arratsaldean kaleratutako datuen arabera, hiru eraikin behera etorri dira erabat, eta beste bost oso kaltetuta daude. Egunean zehar, baina, behera eroritako eraikinak bost izan direla ere uste izan da, Segurtasun Sailak emandako datuen arabera.
18:30ean, sutea kontrolpean zegoen erabat, baina suhiltzaileek bertan jarraituko dute gau osoan zehar, erabat itzaltzea bermatzeko.
Orotara 70 lagun geratu dira etxetik kanpo (35 bat familia), eta, horietatik, 22 bat lagunek (6-7 familia) etxea galdu dute. Lo egiteko tokia behar dutenei ohea bermatu die Udalak, horretarako udal eta gizarte egoitzetan prestatutako tokietan. Horren harian, bizilagun guztiek lo egiteko tokia dutela baieztatu du Josu Unanue Bermeoko alkateordeak ETBn. Idurre Bideguren Bermeoko alkateak ere Euskal Irrati Telebistan hitz egin du arratsaldean, eta, haren hitzetan, baliteke, guztira, 10 eraikin kaltetuta egotea. Lehendakariak gizarte-larrialdietarako laguntza indibidualak iragarri ditu kaltedunentzat.
Itzaltze lanetan bost pertsona (hiru suhiltzaile, ertzain bat eta udaltzain bat) arin zauritu dira, baina bertan artatu dituzte, eta ez dituzte ospitalera eraman behar izan.
Sua 04:00etan piztu da, hutsik zegoen lau solairuko eraikin batean, Juan Nardiz kalean, baina ondoren beste hainbatetara hedatu da. Guztira, 20 atari hustu dituzte, lau kaletan (Juan Nardiz, Erremedio, Nekazari eta Intxausti).
Etxebizitzak eta laguntzak, kaltetutako herritarrentzat
Ebakuatutako bizilagunak onik irten dira, eta BBKren zentro sozialera eraman dituzte, udaletxe plazan. Udalak, gainera, kaltedunen errolda bat egingo du, guztiei ostatu eman ahal izateko, eta informazioa herritarrak artatzeko bulegoan (Berhaz) ematen aritu dira.
Horren ildotik, Bizkaiko Aldundiak etxebizitzak utziko dizkie kaltedunei, bertan "luze" egon ahal izan daitezen. "Bost eguneko epean prest egongo dira, argindarraz, gasaz eta bestelako zerbitzuez hornituta, kaltedunak aldi baterako, baina luzerako, egon daitezen", iragarri du Jose Luis Bilbao ahaldun nagusiak.
Gobernuak Bizkaian duen ordezkaritzaordeak, gainera, Udalaren eskura jarri du Itsas Gizonentzako Gizarte Institutua, beharra egongo balitz suteak kaltetutako herritarrak bertan hartzeko. Guztira 1.200 metro karratuko eraikina da.
Estefania Beltran de Heredia Segurtasuna sailburua Bermeon izan da goizean, kalteen balantzea egiteko. Egoera "izugarria eta dramatikoa" dela adierazi du sailburuak bertan.
Arratsaldez, Bermeora bertaratu da Iñigo Urkullu, Josu Erkoreka Jaurlaritzako bozeramailearekin batera, eta Eusko Jaurlaritzaren ''konpromisoa'' helarazi die kaltetutako herritarrei. Hala, gizarte-larrialdietarako laguntza indibidualak egongo direla esan du.
Sua, kontrolpean erabat
18:30ean, sutea kontrolpean zegoen erabat, baina suhiltzaileek bertan jarraituko dute, erabat itzaltzea bermatzeko. "Argindarra eta gas zerbitzua eten egin ditugu, eta horri esker kalteak txikiagoak izan dira", esan du goizean Javier Setien Bizkaiko suhiltzaileen buruak hedabideen aurrean egindako adierazpenetan.
Horren esanetan, arazo nagusia ez da izan eraikin asko egurrezkoak zirela, baizik eta haizete handiak izan direla. Horren ondorioz hedatu dira sugarrak, hain justu.
Sua itzaltzeko lanetan 60 suhiltzaile aritu dira, Gernikatik, Uriostetik, Artatzatik, Basauritik, Iurretatik eta Deriotik etorrita. Bilboko Udalak ere talde berezi bat bidali du.
Oraindik ez dago argi zerk eragin duen sua, baina kausa zirkuitolabur bat izan litekeela uste dute: "[Kaltetutako] etxebizitza baten jabe naiz, eta [sutea zerk eragin duen] galdetu diet agintariei. Litekeena zirkuitulabur batek eragin izana dela esan didate; arratoi batek kable bati kosk egin omen dio", esan du bizilagun batek, Radio Euskadiko mikrofonoen aurrean.

Argazkia: EFE
Alkatea: "Alde Zahar osoa kiskaliko zela uste genuen"
Sugarren hedapena ikusita, "Alde Zahar osoa kiskaliko zela" uste izan dutela adierazi du Idurre Bideguren alkateak.
"Urduritasun momentu batean, aldamenean nuen suhiltzaile bati sua gelditzeko gai izango ote ginen galdetu diot. 'Ez dakit zer esan' itxurarekin begiratu dit. Oso une gogorra izan da, sugarrak oso handiak ziren", esan du.
Alkateak eskertu egin du suhiltzaileen lana, eta herriko hainbat enpresa hondakinak kentzeko prest agertu direla aurreratu du.
Alkatearen ondokoak, Josu Unanuek, sua "tamaina handikoa" izan dela adierazi du; izan ere, "oso azkar zabaldu da, etxeetako teilatuetatik batez ere, egurrezko egiturak baitituzte".

Argazkia: Aitor Etxebarria
Bizilagun bat: "Su bolak zetozkigun"
Intxausti kaleko bizilagun batek kontatu duenez, balkoira atera denean "su bolak" ikusi ditu.
"Sekula ez dut halakorik. Su bolak eta txinpartak zetozkigun gainera", esan du, EFE agentziari egindako adierazpenetan.
Kale bereko beste auzokide batek kaltedunen erantzuna txalotu du: "Jendea oso lasai eta antolatuta zegoen".
Udaletxea eta Alde Zaharraren hainbat sarbide itxi egin dituzte.
Babes Zibila eta Gurutze Gorria bertaratu dira, bizilagunak artatzeko.
''Bizkaian azken 30 urteotan izan den suterik larriena'' da Bermeokoa, Bizkaiko Foru Aldundiak adierazi duenez.
Herritarren irudiek erakutsi egiten dute sutea oso handia izan dela
Zure interesekoa izan daiteke
Ertzaintzak Euskadin erregistratutako gorroto delituak % 18 jaitsi dira 2025ean
Kasu horiei buruzko txostenaren egileek jaitsiera hori tentuz interpretatzeko eskatu dute, delitu asko ez baitira salatzen.
Sanferminek 516 ekitaldi izango dituzte, eta protagonismo handiagoa hartuko dute aurten haurrek eta auzoek
Asteazken honetan aurkeztu dute egitarau ofiziala, askotarikoentzako musika, jolasak, erakusketak, su artifizialak, kirol jarduerak, antzerkia, kalejira, ganadu-feria eta prozesioa biltzen dituena. Txupina uztailaren 6an jaurtiko dute, eta festak eztanda egingo du hilaren 14ra arte.
Bilbok badu kartela Aste Nagusirako: "Besarkada urdin bat Bilborentzat"
Juan Manuel Martinez Rodriguezen obra abuztuaren 22tik 30era ospatuko den Bilboko Aste Nagusiaren irudi ofiziala izango da.
"Naruto" anime japoniar arrakastatsua, estreinakoz euskaraz, EITBren PRIMERAN plataforman
Ostegun honetan, ekainak 25, estreinatuko ditu PRIMERANek lehen bost atalak. Guztira 52 kapitulu eskainiko ditu, ostiralero bost berri, lehen aldiz euskaraz bikoiztuta. Estreinaldiaren bezperan, EITBk aurrestreinaldi esklusiboa antolatu du Bilboko egoitzan. Gaur izango da, 18:00etan, Multibox aretoan, eta lehen lau atalak izango dira ikusgai.
"Ihesi, norbera izateko": Trumpen Amerikatik ihes egin eta Euskal Herrian bizi diren transen familien testigantzak jaso ditu EITBk
Seme-alaba transak dituzten zenbait familiak Estatu Batuak utzi eta Euskal Herrira etorri dira. EITBk haien lekukotasunak bildu ditu Ihesi, norbera izateko dokumentalean. Lehenengo erreportajeak asteazken honetako albistegietan ikusi ahal izango dira.
Osakidetzak eTXERTOA ezarri du txertoen kontrola eta segurtasuna hobetzeko
Sistema Bilbo-Basurtu ESIko zenbait zentrotan probatzen ari dira, eta txerto bakoitzaren funtsezko datuak automatikoki erregistratu ahal izango dira eman aurretik.
Bi pertsona zauritu dira Leioako ostalaritzako lokal batean izandako gas-leherketa baten ondorioz
Gertakariaren ondorioz, kaltetutako eraikineko bizilagunak etxetik atera behar izan dituzte, eta udal-teknikariak kalteak ebaluatzen ari dira, Iparragirre kalean.
Zalduondoko (Araba) baso-sutea kontrolatzen saiatzeko lanean jarraitzen dute
Gaur goizaldean Galarreta mendiaren goialdean, Zalduondon (Araba), piztutako baso-suteak aktibo jarraitzen zuen 21:00etan, eta suhiltzaileek sua itzaltzeko lanean jarraitzen dute, Foru Aldundiko iturriek jakitera eman dutenez.
Gizon baten gorpua aurkitu dute Bilboko itsasadarrean, Sestao parean
Hilotza asteazken honetako lehen orduan aurkitu dute, Galindo ibaiaren bokalean. Ertzaintzak ikerketa abiatu du, biktima identifikatu eta heriotzaren arrazoiak argitzeko.
Ertzaintzak baztertu egin du Oiz mendian sute bat piztu izana, keagatik hainbat abisu jaso arren
Oiz mendian baso-suteengatik alerta aktibatu dute, Muxikan (Bizkaia), tenperatura altuen testuinguruan. Helikoptero inguruan ibili da sua zegoen ala ez aztertzeko, baina azkenean baztertu egin dute aukera hori.