Euskadin udaberrian elurra 600 metrora espero da
Udaberria Euskadira abisu horiekin heldu da, Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak adierazi duenez. Ostiral arratsalderako, elurra 600 eta 700 metrora, eta lau metroko olatuak espero dira.
Larrialdiei Aurre Egiteko eta Meteorologiako Zuzendaritzak ostiralerako zehaztutako elur kota geroz eta baxuagoa izango da, eta eguerdian 1.300 metrora ailegatuko da. Arratsaldean, 800 metrora jaitsiko da, eta egunaren azken orduetan 600-700 metro inguruan egongo da.
Horretaz gain, euri-zaparradak espero dira. Ostiral arratsaldean, isurialde atlantikoan sarriagoak izango dira, eta gauean trumoi-ekaitzak jotzeko eta txingorra egiteko arriskua egongo da.
Ostiralean, arratsaldeko seietan, abisu horia aktibatuko da, lau metroko olatuak espero baitira.
Iganderako, Euskalmetek zaparrada txikiak iragarri ditu; itsasertzean nagusituko dira. Igande goizean, txingorra egiteko probabilitate handia dago.
Elur kota 700 eta 800 metro inguruan egongo da, nahiz eta goizaldean eta goizean goiz beherago kokatu daitekeen. Baliteke barnealdean izotz txikia egitea. Ipar-mendebaldeko haize ahul-bizia ibiliko da, batez ere kostaldean eta mendi inguruetan.
Zure interesekoa izan daiteke
Europak bi euroko tasa ezarri die EBtik kanpo erositako paketeei
Eusko Jaurlaritzako Gazteria zuzendariak uste du jarrera erradikalizatuak gutxiengoa direla
Euskal hiriburuetako saltokiek egurrezko oholak kendu dituzte, gaua istilurik gabe igaro ondoren
2.200 pertsona baino gehiago identifikatu dituzte Bartzelonan, Blocusen deialdiak tarteko