Urumean ari dira Astigarragan desagertutako gaztearen bila
Igandean Astigarragan desagertutako gazte donostiarraren bila jarraitzen du Ertzaintzak. Bilaketa Urumea ibaian egiten ari dira gaur, Martuteneko kaiaren eta Loiolako zubiarten artean.
Segurtasun sailaren arabera, urpekariak soilik ari dira ibaiaren gune horretan bilaketa lanak egiten. Goizeko lehen ordutik ari dira lanean.
Azkenekoz, igandean ikusi zuten, lagunekin afaldu zuen sagardotegi batetik irten ostean neska batekin hitz egiten.
Alexander Urbieta lagunak azaldu duenez, desagertutako pertsona Iñaki Garcia da, 34 urteko donostiarra. Larunbat gauean lagun batzuekin Astigarragako sagardotegi batera joan zen, eta, zertxobait geroago, "nahiko mozkor" eta "afaldu gabe" irten zen.
Urbietak adierazi duenez, Iñaki herrira iritsi zen, neska bati deitu zion eta harekin egon zen 00:30 arte. Ordu horretan, taxien geltokira lagunduko ziola esan zion lagunak, "oso mozkorra zegoelako".
Halere, Iñakik eskaintzari uko egin zion "haserre", eta Donostiako Martutene auzorantz oinez joan zen. Bertan, herritarren laguntzari esker senideek jakin dutenez, sagardotegitik irteten ari zen talde batek lagundu zion autobus-geltokira, "nahiko mozkor eta erortzen ari zela" ikusi zutelako.
Igande goizaldean, ordu bata aldera, pertsona talde horrek autobusa hartu zuen, baina hura geltokian geratu zen. Bertan ikusi zuten azkenekoz.
Geroago, Iñakiren lagunek mugikorrera deitu zioten, igandean, baina alarmak ez ziren piztu lanpostura joan ez zen arte. Familiak astelehen arratsaldean aurkeztu zuen salaketa Ertzaintzaren aurrean, eta senideek gaztearen irudia duten kartelak jarri dituzte hainbat gunetan, hura aurkitzeko asmoz.
Zure interesekoa izan daiteke
Zer neurri proposatzen ditu KIDS Legeak adingabeak Interneten babesteko?
SOS-Deiak larrialdi zerbitzua ordu erdi etenda egon da sistemako akats baten ondorioz
Ezkontza kopurua % 8,4 gutxitu da Euskadin urteko lehen hiruhilekoan
Gizon bat atxilotu dute Bilbon, ibilgailuak erregistratzeko eta delituak egiteko mutil baten identitatea usurpatzeagatik
Euriteek gutxienez hildako bat utzi dute Katalunian
Bengoetxea: "Epaia sakon aztertuko dugu helegitea aurkeztu edo ez erabakitzeko eta moldatzen ari garen dekretua hobetzeko"
Oporrak baimenik gabe 17 egunez luzatu zituen langilearen kaleratzea berretsi egin du Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiak