'Prest gara' prestakuntza plan berria abiarazi du Jaurlaritzak
Eusko Jaurlaritzak irakasleei eta hezkuntza komunitate guztiari zuzenduriko "Prest gara" izeneko prestakuntza plan berria jarri du martxan. Irakasleei zuzendutako prestakuntzaren eskaintza garai berrietara egokitu du Jaurlaritzak, eta ikuspuntua aldatu, hezkuntza komunitate guztiari irekitako prestakuntza proposamen gisa jarri baita abian "Prest gara", ez irakasleei bakarrik zuzenduta.
Plan berriarekin, ikastetxeen berrikuntza beharrei erantzuna ematea lehentasun bihurtu da, eta prestakuntza prozesu ororen azken xedea ikasleak eta haien konpetentziak dira. 2014-2015 ikasturtearekin jarriko da abian, nahiz eta deialdi asko dagoeneko irekita egon.
Cristina Uriarte Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura sailburuak aurkeztu du plan berria gaur Donostian, Begoña Garamendi Hezkuntza Berrikuntzako zuzendaria eta Miren Arantza Aurrekoetxea Hezkuntza sailburuordea ondoan zituela.
Prestakuntza prozesuak ikastetxeen premietara egokitu behar direla eta eskola elkartearen eskaerak eta premiak aintzat hartu behar dituzte azaldu dute. Gainera, berritasun gisa, prestakuntza orok aurreikusita eduki beharko du izango duen eragina eta inpaktuen balorazioa egitea, bai gelan duena edo ikastetxearen eguneroko jardueran duena.
"Etengabeko prestakuntzaren (Prest_gara) azken xedea ikasleak eta euren konpetentziak dira, horretara bideratu behar baita jasotako prestakuntzaren aplikazioa. Gero eta beharrezkoagoak dira, beraz, ongi gaitutako irakasleak. Ikaslea azken helburu izatea da prestakuntzari eta berrikuntzari zentzua ematen diona. Horregatik, prestakuntza jasoko duten irakasleei eskatuko zaie, jaso duten hori praktikan ipintzeko konpromisoa. Hizkuntzak ikasteko ikastaroen kasuan berriz, dagokien titulazioa lortu artean ikastaroetan jarraitzea eskatuko zaie", azaldu dute.