Abisu horia Bizkaian eta Gipuzkoan, olatuengatik eta euriagatik
Segurtasun Sailak abisu horia ezarri du Bizkaian eta Gipuzkoan, olatu handiengatik eta prezipitazio handi eta iraunkorrengatik. Abisua asteazkeneko 12:00ak arte egongo da indarrean.
Euskalmeten arabera, zaparrada txiki-ertainak botako ditu, ugariagoak eta iraunkorragoak kostaldean. Hala, 24 orduan metro koadroko 60 litro baino gehiago pila daitezke. Trumoi-ekaitzak eta txingorra botatzeko probabilitatea ere handia da. Horrez gain, prezipitazio handien abisuari dagokionez, ordubetean metro koadroko 15 litro baino gehiago pilatzeko probabilitatea handia dela ohartarazi du meteorologia agentziak.
Itsasoan ere, ez da giro izango. 3,5 metroko altuera gaindituko dute olatuek astearte honetan. Gainera, marea biziak izango dira, batez ere arratsaldean. Itsasgoran, 14:35ean, 4,5 metroko olatuak izan daitezke. Asteazkenean ere berdintsu egongo da, eta itsasgoran, 15:20an, bezperan izan diren tamainako olatuak espero dituzte.
Zure interesekoa izan daiteke
Bengoetxea: "Epaia sakon aztertuko dugu, helegitea aurkeztu edo ez erabaki eta moldatzen ari garen dekretua hobetzeko"
Oporrak baimenik gabe 17 egunez luzatu zituen langile baten kaleratzea berretsi du Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiak