150 hildako, hegazkin batek Frantziako Alpeetan izandako istripuan
Bartzelona-Düsseldorf bidea egiten ari zen hegazkin bat erori da, barruan 150 pertsona (144 bidaiari eta eskifaiako sei kide) zeramatzala, eta ez da espero inor bizirik aurkituko dutenik.
Istripua non gertatu den kontuan izanda, Alpeetan, hegazkin barruan zeuden pertsona guztiak "hil izatea" litekeena dela adierazi du François Hollande presidenteak. "Egunak beharko dira biktimak erreskatatzeko, eta gero hegazkinaren arrastoak jasoko ditugu", adierazi du Jean-Paul Bloy poliziaburuak.
Barne Ministerioak iragarri du hegazkinaren kutxa beltzetako bat aurkitu dutela.
Ministerioko bozeramaile batek baieztatu du aurkikuntza, eta istripuak ikertzeko erakundearen esku utziko dutela iragarri du. Izan ere, dagoeneko abian dute ezbeharrari buruzko ikerketa.
Cazeneuvek esan du bihar espezialistak joango direla hegazkina erori den lekura, gertatutakoaren inguruko ikerketa "baldintza onenetan egin dezaten".
Erreskate lanak, etenda asteazken honetara arte
Hegazkina erori den inguruan ibili diren helikopteroen lanak bertan behera geratu dira asteazken honetara arte, gaua iristearekin batera, Frantziako hedabideek jakitera eman dutenez.
Frantziako Gobernuak hamar helikoptero jarri ditu martxan, eta asteazken honetan eguzkia ateratzearekin batera berrekingo diete lanei; izan ere, ezinezkoa da errepidez iristea, Trois Eveches mendilerroko malda handiengatik.
Bost jendarme helikopteroz eraman dituzte ezbeharra gertatu den lekura eta bertan igaroko dute gaua, lekua inguratzeko helburuarekin.
Biktimak
Bidaiari zerrendan "45 abizen espainiar daudela" baieztatu du Espainiako Gobernuak. Horrek ez du esan nahi, hala ere, 45 biktima horiek guztiak espainiarrak izatea. Hollandek, berriz, Espainiako, Alemaniako eta Turkiako biktimak daudela eman du jakitera.
Diario de Navarraren arabera, istripua izan duen hegazkinaren biktimen artean Bartzelonan bizi zen nafar bat dago. Rogelio Ofizialdegi da bera, 62 urtekoa, eta Delphi enpresak Kataluniako hiriburuan duen Giza Baliabideetako zuzendaria da.
Hegazkina Germanwings konpainiakoa da (Lufthansaren filiala da), eta Bartzelona eta Düsseldorf arteko hegaldia egiten ari zenean erori da, Frantziako Alpeetan, Digne-les-Bains herritik (Frantziako hegoaldean) gertu.
Frantziako Gobernuak baieztatu duenez, hegazkin barruan 148 pertsona zihoazen: 142 bidaiari, tartean haurtxo bi, eta eskifaiako sei kide. Horietatik 67 alemaniarrak ziren, eta horien artean DBHko 20 ikasle zeudela baieztatu dute. Bartzelonako institutu batean astebete izan ondoren, etxerako bidean zeuden.
Frantziako Alpeetatik hegan ari zenean, A320 Airbusa radarretatik desagertu da. Hegazkina goizeko 9:55ean atera da Bartzelonatik.
Istripua gertatu den lekura errepidetik joatea "ezinezkoa" dela adierazi du Frantziako Garraio arduradunak.
Espainiako eta Kataluniako Gobernuek krisi mahaiak sortu dituzte, ezbeharra gertutik jarraitzeko. Horrez gain, Soraya Saenz de Santamaria eta Joana Ortega Frantziara joango dira.
300 pertsona bilaketa-lanetan
Frantziako segurtasun indarretako 300 pertsona ari dira hegazkina bilatzeko lanetan, Frantziako Barne Ministerioak jakitera eman duenez.
Bernard Cazeneuve buru duen Ministerioaren arabera, 210 jendarme eta 106 suhiltzaile bertaratu dira, polizia konpainia batekin batera, hegazkina erori den lekuan.
Azaldu duenez, "lurreko erreskate taldeentzat oso zaila da bertara iristea, oso malda handia dagoelako" eta "inguru arriskutsua eta ezegonkorra" delako.
Gaineratu duenez, "gaur arratsaldean, gauen eta bihar eguraldi txarra" egin behar du, eta hotz handia.
Istripua izan den tokia. Argazkia: EITB.
'Eskarmentu handiko pilotu batek zeraman'
Ohar batean, Lufthansak azaldu du oraindik ez dakiela istripua zergatik gertatu den. Meteo France zerbitzuak azpimarratu du baldintza meterologikoak "lasaiak" zirela istripua izan den unean. "Baldintza onak ziren, hodeirik gabeko zerua izan dugu goiz osoan zehar", adierazi dute.
Bien bitartean, Frantziako Gobernuak ez du hipotesirik baztertu, ezta atentatu terroristarena ere. Hala ere, ukatu du atentatuarena "hipotesi nagusia izatea".
Germanwings enpresako zuzendari exekutibo Tommas Wilkelmannek zehaztu du goizeko 10:53ean komunikazioa galdu dutela hegazkinarekin. Une horretan, 6.000 oineko altueran zegoen, baina zortzi minututan lurra jo du hegazkinak.
"Eskarmentu handiko" pilotu batek gidatzen zuen hegazkina, Wilkemannen hitzetan, eta hegazkina atzo bertan berraztertu zutela gaineratu du. "Azkenekoz, 2013ko udan egin zioten hegazkin horri sakoneko kontrol bat".
Airbusek "egoera aztertuko" du orain, ezbeharraren nondik norakoak argitzeko, enpresa horretako bozeramaile batek azaldu duenez. A320 Airbusen hegazkin ezagunena da, eta mundu osoan 6.191 unitate daude.
Ikerketa bateratua egingo dute Espainiak, Alemaniak eta Frantziak
Angela Merkel Alemaniako kantzilerrak iragarri du bere Gobernua elkarlanean arituko dela Frantzia eta Espainiakoekin, istripuaren nondik norakoak argitzeko helburuarekin.
Bihar joango da Merkel Frantziara.
Hegazkinaren antzinatasuna
Alvaro Gammicchia Aireko Linietako Pilotuen Sindikatu Espainiarreko idazkariak ukatu egin du A320 hegazkinaren antzinatasunak, 1991n martxan jarri izanak, "arriskua areagotzen" duenik edo "istripuren bat izateko probabilitate gehiago" zegoenik.
"Hegazkinek etengabeko kontrolak pasatzen dituzte, eta mantenu eta ikuskapen epe guztiak betetzen dituen heinean, hegan egiteko moduan dago, hau da, fabrikatik atera berria den hegazkin bat adinako segurua da", gaineratu du.
Biktimen senideen arretarako telefonoak
Espainiako Gobernuak telefono zenbaki bat jarri du abian, biktimen senideentzat: 913 948 900. Horrez gain, helbide elektroniko bat ere erabilgarri izango da: unidaddecrisis@maec.es.
Kataluniako Generalitateak 012 (Kataluniako bizilaguntzentzat) eta 902 400 012 (kanpokoentzat) telefono zenbakiak abian jarri ditu.
Germanwings enpresak doako bi telefono zenbaki jarri ditu abian: 0800 11 33 55 77 (Alemania) eta 900 808 890 (Espainian). "Germawings eta Lufthansako langile guztiak atsekabeturik gaude. Gure pentsamenduak eta otoiak bidaiarien eta tripulatzaileen senideekin daude", adierazi du konpainiak.
Alemaniako Gobernuak ere abian jarri du telefono zenbaki bat: 0049 30 5000 3000.
AENAk Bartzelonako aireportuko bigarren terminalean hartuko ditu hegaldi horrebako biktimen senideak. Dagoeneko senide batzuk gerturatu dira.
Germanwings enpresak 1,9 milioi bidaiari eraman zituen iaz Espainian, AENAk zabaldutako datuen arabera. Enpresa horrek egunero egiten du Bilbo eta Düsseldorf arteko hegaldia, larunbatetan izan ezik. Gaurko hegaldia normaltasunez atera da Loiuko aireportutik, 13:14ean.
Iazko azaroan ere, arazoak izan ziren
Iazko azaroan, Bilbotik Munichera 109 bidaiarirekin zihoan hegazkin bat lurrera jausteko arriskuan izan zen, Der Spiegel egunkariak kaleratutako albiste baten arabera.
Antza denez, 9.000 metroko altueran zegoenean hegazkina minutuko 1.000 metro erortzen hasi zen. Orduan, pilotuek eskuko nabigazioa jarri zuten martxan eta hegazkineko ordenagailua amatatu, honela lortu zuten hegazkina kontrolatzea eta istripua saihestea.
Rajoyk Gasteizko agerraldia bertan behera utzi du
Mariano Rajoy presidenteak bertan behera utzi ditu bere gaurko agenda. Izan ere, Gasteizen da Rajoy, Terrorismoaren Biktimen Memorialaren inaugurazioan. Twitter bidez, bere "atsekabea" adierazi du Espainiako presidenteak, eta Gasteizen egin duen agerraldian esan du ezbeharraz Espainiako erregearekin, Angela Merkelekin edota Pedro Sanchez PSOEko buruzagiarekin mintzatu dela.
Bestalde, Felipe eta Letizia Espainiako errege-erreginak Frantzian dira gaur, bertara egiten duten lehen bisita ofizialean. Izan ere, Frantziara iritsi bezain laster jakin dute hegazkin istripuaren berri, eta bisita bertan behera uztea erabaki dute.
Hollande, Espainiako errege-erreginarekin. EITB.
Artur Mas Kataluniako presidenteak bere doluminak adierazi dizkie biktimen senideei, eta Mariano Rajoyrekin eta Pedro Sanchezekin hitz egin duela azaldu du.
Albiste gehiago gizartea
Zaleak prest Peyresourden, Frantziako Tourraren 14. etapa ikusteko
Familia eta kuadrila asko hiru egun lehenago bertaratu dira lekurik onena hartzera, eta giroaz gozatzera. Hala, dozenaka karabana eta furgonetek kanpaleku erraldoia sortu dute egunotan.
Arrazismoaren aurkako kontzentrazioa Iruñean, Torre Pachecoko gertakariak gaitzesteko
Nafarroako arrazismoaren aurkako kolektiboek elkarretaratzea egin dute larunbat honetan Iruñeko Udaletxe plazan, gorrotoak eta indarkeria arrazistak gora egin dutela salatzeko.
18 urteko pertsona bat zauritu da Arroitzen, auto istripu batean
Zauritua Nafarroako Unibertsitate Ospitalera eraman dute, pronostiko erreserbatuko politrauma batekin.
Euromillones zozketak milioi bat euroko saria utzi du Donostian
Gipuzkoako hiriburuko 13. administrazioan baliozkotu dute saria, Madril etorbideko 24. zenbakian, Amara auzoan.
Ostiralean Anoetan txirrindulari baten heriotzan inplikatutako autoko gidaria atxilotu dute
Istripua ostiral arratsaldeko zortzietan gertatu zen, eta bertaratutako osasun-zerbitzuek Zizurkilgo 53 urteko kirolariaren heriotza baieztatu besterik ezin izan zuten egin.
Samaniegon desagertutako 70 urteko gizon baten bila ari dira
Desagertua ostiral arratsaldean ikusi zuten azkenekoz; bilaketa Arabako Errioxako landa-eremuan egiten ari dira.

Euskararen aurkako azken epaia salatzeko elkarretaratzeak egin dituzte eguerdian UEMAk deituta
UEMAko presidenteak larritzat jo du Espainiako Auzitegi Gorenaren epaia, eta “adostasun sendoak” behar direla nabarmendu du Martin Aranburu lehendakariak. Euskarak lege-babesa behar duela azpimarratu du eta elkarrekin aritzeko deia egin die alderdi politikoei, euskal eragileei eta herritarrei.
Txirrindulari bat hil da Anoetan, auto batek harrapatuta
Istripua 20:00ak aldera gertatu da, GI-3630 errepidean.
Arrazakeriaren eta "morofobiaren" aurkako elkarretaratzeak Euskal Herrian
Arrazakeria ez dela gertakari isolatua salatzen dute, egiturazkoa baizik. Torre Pachecon gertatutakoen harira, azpimarratzen dute talde arrazistak beldurra sortzeko antolatzen ari direla, eta, beraz, batzeko deia egiten dute, elkarri eusteko.
Bilboko Garcia Rivero kaleak baldosa guztiak altxatu beharko ditu berriro, akastunak direlako
Bilboko Garcia Rivero kaleko lanak bukatzear daudela, udalak erabaki du kaleko obrei berriro ekitea, baldosa akastuak direla eta. Inguruko merkatariak oso atsekabetuta daude obraren prozesuarekin, Aste Nagusia gertu dutela