Sei urteko kartzela zigorra ezarri diote Eric Olhats entrenatzaile ohiari, adingabeei sexu-erasoak egiteagatik
Espetxe zigorraz gain, Aviron Bayonnaiseko entrenatzaile eta Realeko behatzailea izandakoak ezingo du adin txikikoekin lan egin eta kirol eremuetara joateko debekua ere jarri diote. Epaiaren berri izan ondoren, Alain Larrea defentsa abokatuak ez du baztertu helegitea jartzea.
Aviron Bayonnaiseko entrenatzaile ohia eta Realeko ikuskatzaile ohia, Eric Olhats, artxiboko irudi batean. Agentziak
Baionako Auzitegiak sei urteko kartzela zigorra ezarri dio Eric Olhats Aviron Bayonnaiseko entrenatzaile eta Realeko ikuskatzaile izandakoari, adingabeei sexu erasoak egiteagatik.
Atzo egindako epaiketan, biktimek eta haien senideek deklaratu zuten. 11-15 urte zituztenean, Aviron Bayonnais taldeko kide zirela, Olhatsekin bizi izandakoa kontatu zuten gazteek. Orduan euren entrenatzailea zenak igurtziak egiten zizkiela, eta sexu-izaera zuten mezuak igorri eta eduki pornografikoa zuten filmak erakusten zizkiela azaldu zuten.
Olhatsek, bere aldetik, akusazioak ukatu zituen.
Espetxe zigorraz gain, ezingo du adin txikikoekin lan egin eta kirol eremuetara joateko debekua ere jarri diote.
Besteak beste, Antoine Griezmann futbol jokalaria Realera eramateagatik ezaguna da.